Jon Ormazabal

Korapiloa askatzea lortu du Iker Irribarriak (20-22)

Hutsez betetako partida batean, Aramakoak gutxiago erregalatu du, amaieran gehiago jo du eta garaipen landu bat lortu du Victorren aurka.

Irribarriak lan asko egin behar izan du partida irabazteko (Endika PORTILLO/FOKU)
Irribarriak lan asko egin behar izan du partida irabazteko (Endika PORTILLO/FOKU)

Uste baino gehiago sufrituta, baina Iker Irribarriak askatu du Buruz Burukoaren lehen partidak beti sortzen duen korapiloa, Victorri akats askoko partida batean 20-22 irabazi ostean. Egungo txapelduna den Jokin Altuna izango du goierritarrak arerio ostiralean Donostiako Atano III.ean.

Lotuta ekin dio Aspeko pilotariak partidari, sakearekin batere minik egin ez eta erabakiak hartzerako garaian presaka antzean. Victorrek, aldiz, lehen pilotakadarekin min handia egin dio Aspeko pilotariari eta batutako hutsak izan dira alde handiagoak hartzea eragotzi diotenak. Eskuina ere, ez omen zuen errioxarrak erabat ondo, tako askorekin jokatu omen du eta horrek arriskuak hartzera behartu du. Lehen atsedenaldira, hala ere, bi tantoz aurretik joan da Baikoko pilotaria.

Hortxe etorri da Iker Irribarriaren partidako boladarik onena, besoa askatu eta pilota atzeratzen asmatu du eta sei tanto lortu ditu jarraian 12-16 aurreratzeko. Ez du, ordea, partida amaitzeko sendotasunik erakutsi aramarrak eta Victor 19-18 ere aurreratu zaio. Hala ere, Ezkaraikoak berriz ere kale egin du zenbait pilota onetan eta hortxe joan zaizkio irabazteko aukerak.