naiz

Euskal Herriko 32 taldek eta bakarlarik parte hartuko dute Donostiako 54. Jazzaldian

Euskal jazzak presentzia garrantzitsua izaten du Donostiako Heineken Jazzaldian, eta horrela izango da 54. edizioan ere, 32 euskal taldek eta bakarlarik parte hartuko dute-eta aurten uztailaren 24tik 28ra ospatuko den jazzaldi donostiarreko programazioan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Nogen donostiarrak Jazzaldian arituko dira.
Nogen donostiarrak Jazzaldian arituko dira.

Urtarriletik apirilera bitarteko hautatze prozesutik datozen hamar taldek joko dute, beste bost 2018an diskoa argitaratu zutelako programatu dira, lau Katapulta Tour Gipuzkoa 2019ri dagozkionak, beste hiru Musikenek proposatutakoak, eta lau antolakuntzak zuzenean aukeratuak (Paul San Martin, Nogen, Jaime Stinus eta Easo Abesbatza). Horiei guztiei, Nauticool agertokian jardungo duten sei euskal DJak gehituko zaizkie.

Hirugarren urtez jarraian, Jazzaldiak Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituko lau talde programatu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailarekin sinatutako hitzarmen bati esker, musikaren alorrean nabarmentzen ari diren lurraldeko talentu berriak sustatzeko xedearekin.

Horrela, antolakuntzak zuzenean programatuak dira Paul San Martin-Lluis Coloma Duo, Nogen, Goshu Ondo (Eri Yamamoto Trio + Easo Abesbatza) eta Jaime Stinus-Xavi Vidal, eta hautatze prozesutik datoz Reunion Big Band, Hot Potato Blues Band, Xahu, Organizing, Amaika Rude Sound: The Ska and the Abstract Truth, Fredi Pelaez Trio, Nacho Soto: Experiment 64, No-Land Trio, Ekhilore Quintet eta Juan Jose Cabillas with Strings.

Gainera, 2018an diskoa argitaratu zuten Jon Urrutia Trio, Lurpekariak, Javier López Jaso-Marcelo Escrich Quartet, Broken Brothers Brass Band eta Elkano Browning Cream taldeek ere joko dute 54. Jazzaldian, bai eta Katapulta Tour Gipuzkoa 2019 zirkuituko Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, RO eta Anai talde eta bakarlariek ere. Azkenik, Musikenek proposatuta, The Funk&Risketeers, Xvr Estevez Sextet eta Nasim Quartet Heineken Jazzaldian ariko dira.