Maider IANTZI

Azken EGA azterketak egin dituzte gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Ez da Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko azterketa gehiagorik eginen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Lakuako Hezkuntza Sailak kentzeko erabakia hartu duelako. Gaur egin dituzte, hain zuzen, azken EGA probak. Aurrerantzean HABEren C1 azterketa egin beharko dute euskararen gaitasuna frogatu nahi dutenek. Aldiz, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian EGA azterketak egiten jarraituko dute.

Gaur egin dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken EGA azterketak. (Ikasbil.eus)
Gaur egin dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken EGA azterketak. (Ikasbil.eus)

Euskararen Gaitasun Agiriak edo EGAk 37 urte bete ditu eta denbora horretan hizkuntza gaitasuna frogatzen duen prestigiozko titulua bilakatu da. Gaur amaituko da, ordea, bere bidea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Lakuako Hezkuntza Sailak hartu du erabakia, «egun indarrean dauden deialdien egituraketa berri bat ezarri» nahian.

Orain arte bi bide zeuden EAEn euskararen gaitasuna frogatzeko: EGA eta HABEren C1 azterketa. Orain, bigarrenari heldu beharko diote euskararen gaitasuna egiaztatzeko titulua lortu nahi dutenek. Hezkuntza Sailak «bikoizketak» ekiditeko helburua aipatu du erabakia azaltzerakoan, eta EGA eta C1a «baliokideak» direla baieztatu du, maila bera eskatzen dutela, alegia. Argitu duenez, jada EGA agiriaren jabe direnek (150.000 lagun baino gehiago dira) ez dute beste azterketarik egin beharko.

Ekainaren 28an jakinaraziko dizkiete azken deialdi honetako emaitzak otsailean atariko probara aurkeztu ziren 8.000 lagunei.

EGA aztertzaileak: «Erail egin dute»

Denek ez dute uste EGA eta C1 baliokideak direnik eta eztabaida piztu da. Adibidez, EGAk atariko froga jartzen du barrenean, baina C1ak ez. EGA aztertzaileek gutun bat kaleratu zuten berriki. Bertan, minduta azaltzen dira. Eskarne Galdos, Imanol Goienaga, Mari Eli Ituarte, Ander Lakarra, Gabino Murua, Antton Peñalba eta Iñaki Urionaguena aztertzaileek sinatzen duten idatzian, sakon aztertzen dute gaia, eta gure herriko euskara gaitasunaren gaiari heltzen diote. Beren ustez, arazoa ez baita EGA; azterketak «errealitatea erakutsi» baino ez du egiten.

Hala amaitzen dute gutuna: «Heriotza zigorra ezarri digute guri defendatzeko aukerarik eman gabe, baina harro gaude egindako lanaz. Eta irailetik aurrera HABEk bere gain hartzeak C1 mailaren ardura ez du ondorioztatuko bat-batean azterketarien euskara maila hobetuko denik, eta emaitzak hobetzen badira, eta badakigu hobetuko direla, erabaki politikoa baita, ez da izango azterketara aurkeztu direnen maila nabarmen hobetu delako, baizik eta HABEk nabarmen jaitsiko duelako eskakizun maila. Geroak esan beza».