
2019ko Aste Nagusiak badu bere irudia. Bilboko Udaleko Kartelen Lehiaketa amaitu da eta eguerdian, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak, lehiaketaren berrogeita batgarren edizioko epaimahai espezializatuak lagunduta, prentsaurrekoan jaietako kartel ofiziala aurkeztu du.
«Gure mundua» da kartelaren izenburua eta 20 urte dituen Mario Larrinaga Mochales bilbotarrak egindakoa da. Bozken % 40,75 jaso duela esan dute. Guztira 133 lan aurkeztu dira lehiaketara aurten, eta hortik sei finalista hautatu dira.
Lehiaketa inflexio-puntu bihurtu da Aste Nagusirako atzera kontaketan. Aurten, jaiak abuztuaren 17tik 25era ospatuko dira eta jaietako lantaldea egitarauaren prestaketan murgilduta dago.
Itziar Urtasun zinegotziak aurkezpenean aurreratu duenez, «aurreko edizioetako arrakasta errepikatzea espero dugu, parte-hartze handiarekin eta giro atseginarekin. Jo eta su ari gara lanean, kalean dohainik eskainiko ditugun jardueren xehetasun guztiak adosteko. 400 ekintza baino gehiago izango dira guztira. Gaur irudiaren aukeraketarekin hasiko gara, hori baita Bilboko jaiak mundu zabalean ezagutzera emateko modurik onena».
«Epaimahaiak, obra irabazleari buruz eztabaidatzeko egin dituen batzarretan, ikuspegi artistikoen ugaritasuna eta aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmendu ditu», azaldu du. Urtasunek, modu berean, adierazi du nahi lukeela «kartel hau bilbotarren gustukoa izatea eta, batez ere, ikustea nola irudikatzen dituen Bilbo eta bertako jaiak». Ildo horretan, gogora ekarri du Aste Nagusiaren jatorrizko filosofia «herri-jaiarena» dela.

Hallado en Urbasa el esqueleto de un bisonte de hace 4.000 años con una punta de flecha

Idahon (AEB) ikurrina debekatzeko egitasmoa bultzatu dute Trumpen aldekoek

«Torturatu gintuzten, erori ginen, altxa gara, hemen gaude eta borrokan jarraitzen dugu»

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»
