Arnaitz Gorriti

A Koruña ere horiz margotu dute mirotzek

Banderarik ez oraingoz, A Koruñako estropada bi jarunaldiren denborak batuta erabakitzen baita. Alabaina, Oriok Eusko Label Liga eskuratzeko sekulako aurrerapausoa eman du, hasi eta buka ohorezko txandako nagusi izan ondoren. Euskotren Ligan ere mirotzak izan dira garaile eta baita Ligako lider berriak ere Arraun Lagunaken kaltetan.

Orioko patroia saria jasotzen. (Eusko Label Liga)
Orioko patroia saria jasotzen. (Eusko Label Liga)

Orioren erregulartasuna ez da makala. «Cidade da Coruñako» hirugarren estropada eramateko aurrerapauso galanta eman dute mirotzek eta puntu sorta galanta atera tute eusko Label Ligako sailkapen nagusian. Joan zen asteko bigarren postuek ez diete kalterik egin oriotarrei eta Galiziako aurreneko saioan beste guztien gainetik pasa dira, batez ere ohorezko txandako arerioekiko. Haizeak beherantz egin du egunak aurrera egin ahala eta Gorka Aranberriren agindutara, horiz pintatzeko moduan jarri du A Koruñako badia Orioko traineruak.

Ondorioz, bederatzi puntuko zuloa ireki dute oriotarrek sailkapen nagusian: 58 puntu dauzka Eusko Label Ligako liderrak, eta 49na Santurtzik eta Hondarribiak, bigarren eta hirugarren hurrenez hurren. Astean zehar azaldu ziren hainbat memoriatan garbi geratu da nekez eman dakiokeela buelta halako aldeari; are nekezago Oriok halako maila ematen jarraintzen duen artean.

Hala ere, A Koruñako banderari begira, Santurtzi bigarren jardunaldian estutik zaindu beharko dute mirotzek, lau segundotara amaitu baitu «Soterak». Brankaz ez dira finegi aritu santurtziarrak, baina poparian asko sakatu dute bizkaitarrek, bidean Hondarribia eta Zierbena atzean lagata. «Galipo»-ek, hain justu, bigarren txandan ekin beharko die A Koruñako banderaren bigarren jardunaldiari, orotara bosgarren amaitu dute-eta.

Urdaibairik onena, azkenean

Izan ere, behin edo behin behar zuen eta A Koruñan azaldu da azkenean mundu guztiak espero zuen Urdaibai. Iaz nahi izan zuen moduan irabazi zuten bermeotarrek eta zapatuko aurreneko jardunaldi hontan, halakoren baten, bere txanda irabazi dute Joseba Fernandezek entrenaturiko mutilek, nahiz eta tripetako gaixotasuna dela-eta arraulariren bat edo beste makalik izan. Donostiarraren ondotik ekin arren estropadari, Urdaibaik aurreneko ziabogaren ostean branka sartu du eta sekula baino gusturago sentitu da itsasoan barrena.

Hala, «Bou Bizkaia»-k ohorezko txandan lekua egitea lortu du, Santurtzi, Zierbena eta Hondarribia ere gaindituz. bere atzetik Donostiarra eta Cabo borroka bizian laga ondoren. «Torrekua» Galiziako ontziari nagusitu zaio.

Aurreneko txandan Lekittarra izan da galtzaile nagusiena. San Pedrok sailkapen nagusian zuen bi puntuko atzerapena kolpera kendu dio eta Astillero bera ere aurretik izan du Isuntzak. «Libia»-ko arraunlariek irabazi balute bezala ospatu dute beren txandako bigarren postua, Astillerorekin orpoz orpo sartu baitura sanpedrotarrak helmugara, eta behingoagatik aurretik amaitu dute gipuzkoarrek. Bestetik, Ondarroak ia izerdirik botatzeke irabazi du bere txanda, eta bederatzigarren postua saihesteko balio izan dio bederen. Hala, A Koruñako bigarren jardunaldiko aurreneko txandari hanka egitea lortu du eta ostera ere bigarrenera itzuliko da.

Euskotren Ligan ere Orio lider

Emakumeen egin dute arraunean A Koruñako uretan. «Meigak» hain ezagunak diren estropada eremuan 20 kilometro ordu inguruko haize ufadak tarteka jo ditu traineruak eta, zozketaren apetak, Arraun Lagunak eta Orio punta banatan atera dira Euskotren Ligako hirugarren estropadan.Banderarik ez da banatu «Cidade da Coruña» bandera bi jardunaldiren ostean erabakiko baita. Bigarren jardunaldiari begira, «Txiki» traineruak 5.68 segundoko altxorra eskuratu ditu, Arraun Lagunaki bide batez Euskotren Ligako sailkapen nagusiko lidertza ere eskuetatik kenduz.

Ohikoa duen moduan, «Txiki» traineruak gogor ekin dio lanari, gainontzekoei branka sartuz aureneko minututik. Lehenengo bi estropadak haintzat hartuta, harritzeko ia ezer ere ez, ez bada Hondarribiaren lan bikaina irteeran, aurreneko asteburuan azken postuan geratu ondoren. Arraun Lagunak, ordea, oriotarren areriorik nagusiena, traineru bete atzetik tokatu da estropada hasi eta hiru minutura.

Arraunean luze eginez, itsaso zabalera bidean, Arraun Lagunak bigarren postuan finkatu da, «Txiki»-ko eskifaiari erlaxatzeko betarik eman gura barik. Alabaina, ziabogara traineru bakarreko aldeaz iritsiagatik, «Lugañene» ez da kapaz izan oriotarren abantaila murrizteko. Aldiz, mirotzek ez diote bakerik eman Donostiako traineruari eta Lekeition ez bezala, tartea handitzea erdietsi du poparian ere. Bestetik, Hondarribiak ongi eutsi dio bere hirugarren postuari, Donostiarrari txopa eta itsaso puska eder askoa bistaratuz.