IDOIA ERASO

Pastoral abertzalea eskeini du Pagolak Domingo Garaten bizitza kantatuz

Eguzkipean pagolarrek erdigunean ezarritako gradak beteak ziren gaur arratsaldean “Domingo Garat” pastorala ikusteko. Esklabuen eskubideen, Euskal Herriaren askatasunaren eta euskararen aldeko aldarrikapenek jantzi dute «gure berezitasunak kontuan hartuak izatea» galde egiten zuen antzezlan herrikoia.

Garaten aldeko urdinek, etsai gorriak kanporatu dituzte (NAIZ)
Garaten aldeko urdinek, etsai gorriak kanporatu dituzte (NAIZ)

Domingo Garat abokatua, diputatua eta Uztaritzeko auzapeza izan zen besteak beste, baita presoa, iheslaria eta borrokalaria ere. Bere arizanak bezainbeste, eta gehiago ere dira pastoralan zehar jorratu diren gaiak. Ohi ez bezala, Frantxoa Casetek idatzi eta Fabien Lechardoyk zuzendu duen pastoralean jaikialdi bakoitzak gai ezberdin bati ireki dio atea, eta horren bitartez historiaren parte bat ere, anitzetan aldarrikapen bati lotua.

Euskal Herriaren errespetuaren eskaera izan da nagusia, behin baino gehiagotan aldarrikatua, eta sarritan Estatu frantses eta espainolek nola ukatu duten oroitua. Baina ez da urrundik ere bakarra izan, feminismoa, esklabutza eta giza eskubideak, euskararen eta beste hizkuntzen errespetua, mugaren zioak euskal lurraldeetan… Eskerrak emateko momentuan laburbildu duten bezala «balore moral unibertsalak zabaldu nahi izan ditugu: errespetua, engaiamendua, desberdintasunaren ezagutza, emazteen tokia eta tolerantzia». Ez da gutxi hiru oren eta erdiko antzezlanean sartzeko.

XVII eta XIX. mendeen artean Domingo Garatek izandako eta galdutako borroken segida gaur egunera arte nola eman diren erakusten du pastoralak, baina aldi berean gure euskaltasunean sinistu eta borrokatzen segitzera gonbidatzen du «saldoan» Pagolara hurbildu den ikuslegoa.

Haurrak, etorkizunaren irudikapen gisara agertu dira behin baino gehiagotan. «Egün batez jinen da, heben ere bakea / Eüskalduünen artean, algarretaratzea / Ordüan müga hori, oso idekia / Gure haurrentzat date, bat Eüskal Herria» kantatu dute elkarrekin eszenatoki gainera ekarri dituzten ardien inguruan, artzainen alegia egiten zuten arizeleek. Haurrei beraiei ere eman zaie hitza, «Gü Eüskaldun sortü gira, hola date bizia» kantatu dute obraren bukaeran.  

Frantziako Iraultza

Frantziako Iraultzaren irakurketa oso kritikoa egin dute, horren ondorioz euskal lurraldeek haien eskubideak galdu zituztela salatua izan da behin baino gehiagotan. Abertzaletasunaren ikuspegitik harago ere joan da Caset, emakumeek iraultzaren baitan izan zuten garrantziaren ondoren ukatu zaizkien eskubideak ere kantarazi baitie emakume arizaleei: «Noiz date gure aldia, bozkatzeko deretxoa? (…) Orai aski dügü, bürüa apaldü (…) Nahi libertatea!».

Irauntzaren ondoren egin zen lurraldearen banaketa instituzionala ere agerrarazi du idazleak, euskal lurraldeak biarnokoei nola lotu zitzaien salatuz, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu gabe, eta gaur egun ere Ipar Euskal Herria Pirineo-Atlantikoen departamentuan atxikitzen duena. Zentzu horretan Parisetik egin zen banaketan, gogoan izan ditu beste populuak ere: «Okzitandar’ta Bretaindar, Korsikar eta Eüskaldun / Parisetik nahi güntüke, oro ber zaküan sartü / Bakotxaren ondarea, behin betikoz ükatü».

Estatu espainiar eta frantsesen gerraren ondoren, Sara eta Uztaritzetik Landetara 4.000 biztanle erbesteratu eta horietatik 1.000 nola hil ziren ere kontatzen du pastoralak, eta tarte horretan ere urrunago begiratu du idazleak: «Popülü herri gabea, Palestindarrak üdüri (…) Kürdoen gisara girade, beti besteek manatüa (…) ezeztatüz gure lürra».

Giza eskubideen alde egin zuen lana aditzera emanez hasten dira Domingo Garaten borrokak: «jente beltzak esklabotzat, dütüe üsü erabilten». Horrekin batera botere politiko eta eklesiasikoek izan zuten onezpena ere agerian ezarriz: «Frantziako erregeak, tratü hori dü baieztatzen / Apezek ere elizatik, ber gisan düe honartzen».

Pagolarrak

Pastorala egiteko, 280 inguru biztanleko herrian, denen beharra izan da. Dantzaririk ez zuten Pagolan, eta duela hiru urte hasita satanen dantzak ederrak egin dituzten herriko gazteek.

Dantzarien lorpena ongi aldarrikatua izan da, baina kantariena ere ez da txikia izan, ahots ederrak atera baitira eszena gainera. Domingo eta bere anai Joseperen papera egin duten Thierry Inchastoichipy eta Dominique Urrutyren doinuek eszena betetzen zuten aldiro. Maritxu Behetiren ahotsak eta manerek ikuslegoa berotu, eta irriarazi egin dute. Indar handiko papera zuen berak Aisha esklabuarena, Domingo Garatekin batera esklabuen askatasunaren alde borrokatu zen emaztea.

Herri guztia ikus ziteken lanean, anitz ezin ziren eskas izan, horrelako antzezlana antolatzeak dakarren lana kontuan izanik. Taula gainean, eta atzean baziren batzuk, baina autoak aparkaleku bilakatu larretara gidatzen, barra tatzean jan eta edatekoak saltzen, pastorala denboran ura proposatzen zuten gaztetxoak… 1982. urtean egin zuten azkena, “Pette Basabürü” egin zutenetik bada denbora pixka bat pasata, baina horrelako herri ttipi batendako ulertzekoa da.

Laborariek ere bere ekarpen berezia egin dute aurten, Pagolara bidean, Oskaxeko lepoan gora mendian hizki erraldoiekin ikus baitaiteke “D. Garat pastorala” lauburu erraldoi batez lagundua. Irudikatu nahi zen imaginean belarra moztuz eginako publizitatea edota gomita, herriak lan horretan jarri duen lanaren erakusgarri har daiteke.

Pagolarrak eta zuberotarrak, haien lurraldeari kantatuz bukatu nahi izan dute obra: “Herri bat: Xüberoa”. Euskararen aldeko mezua hortan atzeman ahal izan da, Casetek berak bere hitzetan behin baino gehiagotan egin duen bezala: «Hura izanen baita, gure Xüberoa / Xüberotarra date, Herriko hizkuntza». Eta noski ezohiko lanera zuberotarrak mugitzen dituen tradiziora: «Herri ororek, maite pastorala».