Ane URKIRI
Getaria

Arrantzaleak kezkatuta daude hegaluzearen kuotaren %60 jada gainditu delako

Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko idazkari Miren Garmendiak ziurtatu du hegaluzearen kuotaren %60 dagoeneko arrantzatu dela. Hegaluzearen kasuan ez da eremuko banaketa egiten eta beraz, arrantzatutako guztia Estatu espainolari dagokion kuotara batzen doa.

Getariako itsasontzietako arrantzaleak hegaluzea deskargatzen.(Gorka RUBIO / FOKU)
Getariako itsasontzietako arrantzaleak hegaluzea deskargatzen.(Gorka RUBIO / FOKU)

Hegaluzearen kuota agortzen doa. Hala ziurtatu du Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko idazkari Miren Garmendiak. Oraindik kalkulu zehatzak atera ez dituzten arren –kuota Estatu espainolari dagokio eta ez da banaketarik egiten eremuaren arabera–, ziurtatu du %60 pasatxo jada arrantzatu dela. Beraz, iazko egoeraren pare gaudela ondorioztatu du.

Iaz, abuztuaren 24an kanpaina itxi zuten eta aurten, kuotan %10eko igoera eman bada ere, agortzear dago. Arrantzaleen aldarrikapen nagusia da kuota hau beste era batera kudeatzea baina Garmendiak azaldu du Madrilen ez dagoela «egoera egokiena hau negoziatzen hasteko».

Aurten ere hurbil dabil hegaluzea, «egoera onean dago» eta batez-besteko prezioa kiloko –beti ere tamaina eta kalitatearen araberakoa da– 3,5 eurokoa izatean ari da, «iaz baino baxuagoa».

Itsasoak eta itsasontziek agintzen dutenez, ez dakite noiz arte luzatuko den kanpaina eta beraz, ezjakintasun honek buruhauste ugari sortzen dituelakoan dago.

Getariakoak, astebete lehorrean

Buruhaustea, hala ere, Getariako portuan dago. Gaur, astelehena, 400.000 kilotik gora hegaluze porturatu dituzte baina aste guztia lehorrean igaroko dute herriko festak direla-eta. Hau horrela, Emeterio Urreiztik, Getariako kofradiako presidenteak, adierazi du beraiek lurrean dauden bitartean gainontzekoak arrantzan arituko direla eta kuota, orokorra den heinean, agortzen joango dela.

Kudeatzeko beste modu bat behar dela aldarrikatzen du honek ere, arrantzale guztien izenean, hegaluzea hain hurbil dagoen honetan «zaila» egiten baitzaie herriko festetan lehorrean geratzearen erabakia hartzea. Hala ere, atsedena «beharrezkoa» delakoan da, «astuna egiten baita».

«Zorionez, hegaluzea badago, hurbil dago eta arrantzatzen duguna saltzen dugu», azpimarratu du. Getariako portuko erosleak onak direla ere nabarmendu du. Astelehen honetan, bi neurritako hegaluzeak arrantzatu dituzte eta handienaren kiloa 5 eurotan saldu dute, batez beste; tamaina erdikoaren kiloa, 3,5 eurotara iritsi da. Zifra politak direla iruditzen zaio.

Itxaropentsu da abuztua bukaeraraino kanpainak jarraituko duela baina, era berean, gogoratu du iaz hilaren 24an itxi zela eta oraindik, denbora geratzen dela egun hori heltzeko.

Urreiztiren ustetan, bere kalkuluen arabera, kuotaren %70 eta %75 artean arrantzatu dute dagoeneko. «Gaur getarian 400.000 kilotik gora porturatu dugu eta hori asko da», arrazoitu du. Hala, gainontzeko portuek erritmo bera jarraituz gero, laster %100era iritsiko direla iritzi du. «Berekoia izanda, nahiago nuke aste honetan eguraldi eta itsaso txarra egingo balu», dio umoretsu.