Ramon Sola

Koldo Zurimendi amurriarra itzuli dela, hamar bat deportatu gelditzen da oraindik

Etxeratek jakinarazi duenez, Koldo Zurimendi deportatua Amurriora itzuli da, Venezuelan urte mordoxka eman ondoren eta etxetik urrun 35 urte beharturik pasa ostean. Hala ere, oraindik hamar bat euskal hiritar deportazioan da, egoera guztiz alegalean.

Zurimendiri aireportuan senide eta lagunek eginiko harrera. (Etxerat Twitter)
Zurimendiri aireportuan senide eta lagunek eginiko harrera. (Etxerat Twitter)

Orotara 35 urte eman ditu etxetik urrun Koldo Zurimendik, gehienak Venezuelan baina pare bat ere Aljerian. Orain azkenik Amurriora itzuli ahal izan du, Etxeratek jakitera eman duenez. Aireportuan senide eta lagunek egin dioten harreraren irudia zabaldu du errepresaliatuen senideen elkarteak.

Azken urteotan, bai dozenaka euskal iheslari politikok bai eta deportazio egoeran ziren beste batzuk etxerako bidea egin ahal izan dute, oztopo guztiak gaindituz eta Biarritzen 2013an hartuko konpromisoa bere eginez.

Hala ere, NAIZek jakin ahal duenaren arabera, oraindik hamarren bat dago egoera horretan, inolako babes legalik ez duen deportazioa ezarrita. Iaz Araban eginiko mobilizazio baten harira jakinarazitako datuaren arabera, herrialde horretako bi deportatu zegoen: Zurimendi Venezuelan eta Emilio Martinez de Marigorta Cabo Verden.

Deportazioa historikoki askotan erabili izan dute estatuek euskal disidentzia ezberdinen aurka, baina azken hamarkadetako formulari dagokionez zehazki 1984. urtean ezarri zuten Parisek eta Madrilek, 70 euskal herritar inguur Panama, Cabo Verde, Ekuador, Dominikar Errepublika, Venezuela, Togo eta abarrera eramanez eta bertatik ateratzea debekatuz. Estatu frantsesak agindu zituen, baina Estatu espainolarekin elkarlanean –edo bultzadaz– eta bien arteko akordio ekonomikoak barne.