Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Hegaluzearen kanpainan etekin gehiago atera zitekeela uste dute

Hegaluzearen kuotaren %95 gainditu zen asteburuan. Guztira 16.620 tona dira, eta zenbateko hori Estatu espainol osoari dagokio. Euskal arrantzaleek, baina, kuotaren kudeaketa aldatzea exijitzen dute; berdelarekin edo legatzarekin bezala, kuota erkidegoka banatzea nahi dute. Horrela, hegaluzearen errentagarritasuna areagotuko dutela uste dute, kiloa 3,5 euroan saldu baitute. Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak balorazio «gazi-gozoa» egin du.

Hegaluzearen kanpaina «behin betiko» amaitutzat eman du Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko idazkariak. Asteburuan kuotaren %95 gainditu ostean –16.620 tona–, Garmendiak GARAri zehaztu dionez, euskal arrantzaleek ez dute uste kanpaina gehiago luzatuko denik.

Iazko sasoiarekin alderatuz, %10 gehiago arrantzatzeko aukera zuten aurten arrantzaleek, baina, hala ere, goiz bukatu da kanpaina. Garmendiarentzat datu hori esanguratsua da; «beste kudeaketa modu bat beharrezkoa dela argi ikusten da», nabarmendu du. Astelehenean Bizkaiko Kofradien Federazioko Aurelio Bilbaok adierazitakoarekin ados da Garmendia. Hau da, berdelarekin edo legatzarekin egiten den legez, hegaluzearen kuota ere erkidegoka banatzea nahi du, eta, ondoren, Bilbaok adierazi bezala, «erkidego bakoitzak ikusiko du nola kudeatzen duen egokitzen zaion kuota».

Proposamenak proposamen, kuota banatzeko eskumena Madrilek du. Garmendiak, baina, aldaketak eman daitezen ahaleginduko direla aurreratu du. Izan ere, arrantzaleen planifikazioak berebiziko garrantzia du, eta, Bilbaok zehaztu bezala, aldarrikatzen duten banaketarekin, «arrantzaleek beraiena den zerbait arrantzatzeko aukera eta nahi duten bezala kudeatzeko askatasuna izango dute».

Errentagarritasun handiagoa atera daitekeelakoan ere bada Garmendia. Kiloaren batez besteko prezioa 3,5 eurokoa izan da aurten eta sinistuta dago «etekin gehiago» atera daitekeela.

Itsasontzi gehiago

Duela gutxi arte hegaluzearen kanpaina urrira arte luzatzen zen, baina badira gutxienez bi sasoi kanpaina abuztuaren amaieran itxi dela. Horren inguruan galdetuta, Garmendiak azaldu du azken urteetan ontzi gehiago animatu direla hegaluzea arrantzatzera. Equo Berdeak alderdi politikoak, berriz, honakoa adierazi du: «Baxurakoak ez diren ontziak hegaluzerako moldatu dira. Ondorioz, uztailaren 1erako kuotaren %16 harrapatuta zegoen».

Horiek horrela, kanpainaren balorazio «gazi-gozoa» egiten du Gipuzkoako Kofradien idazkariak. Izan ere, arrantzaleek «behar adinako errentagarritasuna» ez diote atera kanpainari, eta horrek izan ditzakeen «ondorioengatik kezkatuta» dago Garmendia.

 

Kudeaketa aldatzeak ekar ditzakeen arazoak

Hegaluzearen kuotaren kudeaketan aldaketak eskatzen dituzte euskal kofradiek. Baina kuotak erkidegoka banatzeak, datu historikoen arabera, eta kuota indibidual transferigarri aplikatzeak arazoak ekar ditzake luzera begira. Alturako ontzietan aplikatzen dira jada aldaketok, baita berdel edo txitxarroarekin ere Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ildo horretan, kontuan izan behar da itsasontzi bat salduz gero, itsasontziari dagokion kuota ere saldu egiten dela. Bada, Leo Belaustegi arrantzale ohiak ohartarazi bezala, gurean apenas dago belaunaldi aldaketarik eta armadore gehienak erretiratzear egon daitezke. «Baxurako ontziak familiarrak dira eta ez da sumatzen seme-alabek arrantzarekin jarraitzeko nahia dutenik». Horregatik, kuoton jabeak kofradiak edo instituzioak izan behar direla aldarrikatzen du Ondarroa 12 Milia elkartearen izenean: «Armadore batek ontzia saldu nahi badu, ontziari dagokion kuota mantendu ahal izateko». Azken urteotan, adibidez, Ondarroan alturako bi ontzi saldu dizkiete galiziarrei eta salmentokin galdu egin dira zimarroi, berdel eta txitxarro kuotak. A.U.A.