Ane URKIRI ANSOLA

25 urteko lana erreta, egoera «belztu» zaio Echeverriari

Kiskalita. Belztuta. Erorita ez dagoena, jausteko zorian. Oraindik ere keak irauten du bi txokotan, suaren mehatxua da. 3.000 metro karratu kiskali zituen suaren garrak. Indartsua da. Agerre Berri gaztandegiak badaki. Guztia galdu du Jose Manuel Echeverria gaztagileak.

«Orain hasi naiz lo egiten, azken astean suaren garrak gainean nituelakoan esnatzen nintzen. Joan zen astearteko irudia burutik ezin kenduta». Jose Manuel Echeverria gaztagilearen azalpenak dira, Agerre Berri gaztandegiak su hartu eta astebete pasatu direnean. «Egoera beltza da», laburtu du Askizukoak (Getaria). 800 ardi salbatu ditu, baina urte osoko gazta ekoizpena galdu du, saltzeko sasoia hastear zegoela. Ez du azpiegitura egokirik hainbat ardi aurrera ateratzeko –asko saldu egingo ditu– eta 2011n eraikitako korta eta gaztandegia –3.000 metro karratuko eremua, handitu zitzaion eskariari behar bezala erantzuteko– pikutara joan zitzaion minutu gutxian. Baina argi du etorkizuna: «Hemen jaio naiz eta hemen hilko naiz».

Asteartean, arratsaldeko seiak aldera, gordailuan piztu zen sua. «Ondo lehortu gabe zegoen alpapak eraginda izan zitekeela ondorioztatu da», kontatzen du. «Oraindik umel egonda, behin gordailuan pilatutakoan, arnasarik ez badu hartzen ontzen hasten da eta hainbeste alpapa lehorrez inguratuta egotean, izugarrizko sutea eragin zuen», azaldu du pausatuz.

Egoera gogoratu hutsarekin negarrez hasten zela ere onartu du eta orain, behintzat, lasaitu dela. Milioi eta erdi euroko galera eragin dio suteak, azpiegitura eta gaztaren ekoizpena kontuan hartuta, «baina guztia ezin daiteke eurotan kalkulatu». Gainera, kontziente da aseguruak ez diola guztia babestuko. Hasteko, makineria berriena –22.000 euroko garabia eta 165.000 euroko traktorea– polizatik kanpo dago eta 10 tona gazta ditu babestuta; 30 tonarekin zebiltzan lanean.

Bestalde, bizi den baserria ordaintzen dabil: «6.000 euro ordaintzen ditut hilabetero eta negozioa kiskalita, diru sarrerarik gabe, pentsua ere ordaintzeke, bankuak ez ote digun kenduko kezkaturik nago».

«Sua harrapatu eta atera»

«Ez da inor hil, ez du alboko baserria hartu eta gaitz-erdi!», azpimarratu du. Sua hasi zen unean gaztandegian zeuden lanean, banaketarako prestatzen. «Eroskirekin hitzarmena adostu berria geneukan».

Sutea itsasora begira dagoen gordailutik barrurantz joan zen, ardiengana. Keak, ordea, itsasalderako noranzkoa hartu zuen eta Echeverria eta hiru langileak ez ziren ohartu bizilagun bat hurbildu zen arte. Kortako atzeko atea zabaldu eta ardiak askatu zituzten –15 inguruko taldea erabat erre zen– suhiltzaileak heldu aurretik. «Saiatu ginen gazta pieza batzuk ateratzen baina Ertzaintzak ez zigun baimendu. Suak guztia nola jaten zuen ikusi genuen».

Hiru egun eman dituzte alpaparen gordailua husten eta oraindik ere ez dute guztiz hustu. Kea dago izkina batean, gainera. «Egunean bertan kanpotik beltza ikusten zen eta behin barrura sartzean ikusten zenituen sugarrak. Traktorearekin sartu eta sua harrapatu behar nuen, kanpora atera eta ondoren suhiltzaileek itzaltzen zuten». Jose Manuel sartu zen gordailura, dena suak harrapatua zegoenean, oxigeno botilekin.

Gordailuak sarrera bakarra du eta suhiltzaileek bestaldeko panelak kendu zituzten, aireratzeko. Ardien kortan, behean, parrilen azpian metanoa egoten da eta eztanda bat baino gehiago ere entzun zituzten. Isolatzailea ere suaren lagun izan zen. Lurrean dauden isolatzaile zatiak guztiz erreta daude. Aluminiozko panelak lurrean, airean zintzilikatuta, habeak beroarekin tolestuta... Atean dagoen «Agerre Berri» egurrezko kartela eta leiho alboan dauden bi figura geratu dira salbu.

Agerre Berri baserrirako bidea hartzerakoan agertzen den «Gazta saltzen da / Se vende queso» kartela estalita dago. Turista asko joaten dira. Kataluniako bost familia ere ekoizpenik gabe geratu dira Estatu espainolean zehar egiten diren azoketan saldu ahal izateko. Azaroan Zaragozako Unibertsitateko Albaitaritza fakultateko zazpi ikasle zetozen lan egitera. Zerotik hastea egokitzen zaio, 25 urteko lana zapuztu zaio 51 urte dituela. «Inoiz ez naiz joan oporretan, irabazitakoa beti inbertitzen. Bihotz onekoak eta dirua duenak lagundu nahi badu, kontu honetan ongi etorria izango da: ES19 0182 0361 8802 0158 5092 (BBVA, Echeverria)».