Adriana Lopez

Baserriko Uzta: Herritarrak baserri mundura hurbilduz

Baserriko Uzta kultura, musika, etxaldeetako bizitza eta laborantza ekologikoa uztartzen dituen ekimena da. 2017an lehendabiziko aldiz ospatu zenetik, urtaro bakoitzean Euskal Herriko baserri bat aukeratu eta bertan antolatzen da.

Bisitariak, etxaldeko esplikazioak adi entzuten (BASERRIKO UZTA)
Bisitariak, etxaldeko esplikazioak adi entzuten (BASERRIKO UZTA)

Baserriko Uztaren ezaugarri berritzaileek beste ekimenengandik ezberdintzen dute. «Etxaldeak, bertako eguneroko lanak eta ekoizten dituzten produktuak ezagutzea da helburua. Hiri eta herrietako jendea baserri mundura hurbildu nahi dugu, eta horretarako diziplina ezberdinak uztartzen ditu ekimen honek: etxaldeetako bizitza ezagutzeko aukera eta, horrez gain, musika emanaldi bat». Horrela definitzen du Miren Osak, Iametza taldearen parte den antolatzaileetako batek, ekimen hau. EHKOlektiboak eta Iametzak bultzatuta, Baserriko Uzta 2017ko azaroan ospatu zen lehenengo aldiz Antzuolako Pikunieta baserrian, Anari abeslariaren emanaldiarekin. Ordutik, urtaro bakoitzean baserri bat aukeratu eta bertan egiten da.

Baserriko Uzta ez da soilik kontzertuetara mugatzen den ekimena: hitzordua goizeko 10.30ean izaten da. Lehenengo bi orduetan bisita gidatu bat egiten da etxaldetik, eguneroko errutina, lan egiteko modua eta ekoizten diren elikagaiak gertutik ezagutzeko. Ondoren, musika emanaldi bat eskaintzen da baserriko txokoren batean, eta azkenik gerturatu direnen arteko bazkaria egiten da, etxaldeko eta EHKOlektiboko kideen produktuekin. Osak dioenez, «elementu hauen guztien baturarekin jendea egun ezberdin bat pasatzera eta beste kontsumo eta ekoizpen mota bat posible dela ezagutzera gonbidatu nahi dugu».

Iniziatiba hau EHKOlektiboko kideen artean zegoen ezinegon batetik sortu zen. Talde hau Euskal Herriko baserritar agroekologikoek eta zenbait herritarrek osatzen dute eta agroekologian oinarritutako nekazaritza eredu bioekologikoa bultzatzea dute helburu. Lan hau jendartean ezagutarazteko, kideek Baserriko Uzta proiektua sortzeko erabakia hartu zuten. Horrela azaltzen du EHKOlektiboko parte den Josebe Blancok: «Herritar batek planteatu zuen gure lanak ez zuela apenas oihartzunik, lan polita egiten ari ginela baina kalean jendeak ez zekiela ezer guri buruz. Orduan, gure dimentsio aniztasun hori erakutsi nahi genuen. Gure etxeetan kulturak ere presentzia handia dauka, eta horrela hasi ginen kolektiboaren barruan hori guztia nola uztartu pentsatzen».

Giroa, ezin hobea

Bertaratzen direnek egun ezberdin bat pasatzeko eta baserrietako bizitza gertutik ezagutzeko aukera dute, oso giro familiar eta atseginean. Ez dira, ordea, gozatzen duten bakarrak: baserritarrentzat ere Baserriko Uzta aukera paregabea da. Amparo Perez Beltzitina baserriko jabea da, Arabako Anuzita herrian. Aurtengo udaberriko uzta bere etxaldean ospatu zen ekainaren 15ean. Prestaketek lan handia eman zioten, baina hala ere oso egun berezia izan zen berarentzat: «Oso egun polita izan zen. Bertan egon ginen guztiok oso ondo pasa genuen. Ehun pertsona inguru bildu ginen, eta aurretik elkar ezagutzen ez genuen arren, bazkalondoan batez ere guztion artean hitz egiten hasi ginen eta oso giro polita sortu zen. Jendea binaka etorri zen eta azkenean mundu guztiak taldeka amaitu zuen».

Perezek uste duenez, proiektu hau beharrezkoa da jendeak baserriko lanak daukan esfortzua hobeto ulertzeko eta baloratzeko. Beltzitinaren kasuan, marmelada da etxe honetako espezialitatea. Erraza iruditu dezakeen arren, honek izugarrizko lana dauka atzean: «Fruta arbolak ereiten hasi ginen etxaldera iristean. Frutak ateratzen hasi zirenean, haiekin marmelada egitea erabaki genuen. Baina, ez da bakarrik marmelada egitea eta saltzea, baizik eta soroetan egotea zuhaitzei zer gertatzen zaien ikusten, ongarritzen, ureztatzen, jasotzen... ulertu ahal izateko, hona etorri behar da», dio Perezek. Produktua zaindu eta mimatu egiten du, horrela zapore berezia izan dezan bezeroentzako. Baina, dioenez, hau askotan ez da kontuan hartzen.

Horregatik, udaberriko uzta Beltzitinan ospatu ostean, bertaratutakoek bere esfortzua ikusteko aukera izan zuten. Harro dago horretaz: «Etorri zirenek esan zigutenez, ez zuten marmelada baten atzean hainbeste lanik zegoela imajinatzen. Horregatik, oso iniziatiba ona iruditzen zait Baserriko Uzta, gure lana zabaltzen eta erakusten laguntzen duelako».

Aurten, bigarren edizioa

Aurten ospatutakoa ekimenaren bigarren edizioa da. Lehenengoan lortutako arrakastaren ostean, bigarrena antolatzea ia derrigorrezkoa zen. Ekainaren 15ean izan zen urteko lehenengo uzta Anuzitako Beltzitina baserrian (Araba), Olatz Salvadorren emanaldiarekin. Udako uzta, bihar bertan izango da, Pagolako Safran Lilia baserrian (Zuberoa), eta bertara hurbiltzen direnek Eñaut Elorrietaren emanaldiaz disfrutatzeko aukera izango dute. Bukatzeko, udazkeneko uzta, edizioaren azken saioa, Eibarko Sosola baserrian egingo da, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin. Uzta honetarako sarrera guztiak agortuta daude jada.

Argi dago, beraz, ekimen honen profil berritzailea erakargarria suertatzen dela eta, dudarik gabe, pauso handia suposatu duela baserri mundua jendartean ezagutarazteko.