Nagore BELASTEGI

Mausitxa gaztandegiak irabazi du Gipuzkoako Artzain eguneko Gazta Lehiaketa

Urtero bezala, iraileko lehen igandean ari dira ospatzen Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin. Euskal Herrian hain garrantzitsua izan zen eta izaten jarraitzen duen ogibidea omentzeko eguna da onakoa, festa giroan.

Legazpin ospatu da Gipuzkoako Artzain Eguna.
Legazpin ospatu da Gipuzkoako Artzain Eguna.

Gipuzkoako Artzain Eguna ari dira ospatzen gaur Legazpin. Horren baitan, XXXV. Artzai Gazta lehiaketa egin dute eta Mausitxa suertatu da garaile. Ez da Elgoibarreko gaztandegiak sari hau eskuratzen duen lehen aldia. Lehen hamar sailkatuek Euskal Herriko txapelketarako txartela eskuratu dute.

Bestalde, eguerdian artzain zaharrei egindako omenaldian Tolosako Barrena baserriko Ignacio Artano Sagastume eta Azpeitiako Olazabal zahar baserriko Angel Errasti Oinederra txalotu dituzte. Era berean, Ameriketan ibilitako Orbaitzetako Jose, Vicente eta Felix Almirantearena anaiak omendu dituzte.

Azkenik, ELE elkarteak Errezilgo Galarraga baserriko Begoña Galarraga eta Jose Maria Agirretxe, eta Olaztiko Feli Arrese saritu ditu urteetan egindako lanagatik. Gipuzkoako Artzain Egunaren helburua Euskal Herrian hain garrantzitsua izan den ogibideari aitortza egitea da, egungo artzainen lana ere txalotuz.

Arratsaldean, txakurren txanda

Goizean zehar artisauak, ardi erakusketa, sagardo, ardi okel eta gazta dastaketa eta ardiei ilea mozteko erakustaldia egin dituzte. Arratsaldean, berriz, Urtatza auzoko zelaian artzain txakurren 51. lehiaketa jokatuko da, 17.30etatik aurrera.

Bertan parte hartuko dute Mutrikuko bi txakurrek (Jabier Zubiaurreren Txiki eta Mendi), Oñatiko lau (Miguel Arregiren Lagun eta Argi, eta Jose Mari Bengoaren Eder eta Zeu) eta Ataungo bat (Aitor Tatoren Nabar). Azken lau urteko irabazlea Oñatiko Eder izan da, eta aurten Ezkioko Xol txakurraren marka berdintzen saiatuko da (bost lehiaketa irabazi zituen jarraian 1971etik 1975era). Mutrikuko Txikik ere badaki zer den Legazpin irabaztea, 2009an bera izan baitzen garaile.