NAIZ

Pinocheten biktimak oroitu dituzte kolpe militarraren urteurrenean

1973ko kolpe militarraren urteurrenaren bezperan, eta Jair Bolsonaro Brasileko presidenteak Augusto Pinocheti gorazarre egin eta egun gutxitara, milaka eta milaka lagunek manifestazioa egin dute agur arratsaldean, Santiagon, eskuin muturreko diktadurak eragindako biktimak omentzeko.

Manifestariek diktaduraren biktimen argazkiak eraman dituzte, Allenderena, besteran artean     (Martin BERNETTI I AFP)
Manifestariek diktaduraren biktimen argazkiak eraman dituzte, Allenderena, besteran artean (Martin BERNETTI I AFP)

Heldu den asteazkenean, irailak 11, 46 urte beteko dira Augusto Pinochet jenerala agindutara zeuden militarrak Salvador Allenderen Gobernuaren kontra bortizki oldartu eta Txilen boterea eskuratu zutenetik. Kolpe horrek eta ondoren ezarritako diktadurak milaka lagunen heriotza eragin zuen, besteren artean Allende presidentearena, eta horiek guztiak oroitzeko manifestazio jendetsua egin dute Hego Amerikako herrialde horretan.

Mobilizazioa Heroien plazan abiatu da, eta Santiagoko hilerri nagusirantz hartu du. La Moneda jauregiaren paretik pasa da. Sinbolismo handiko puntua da hauxe, Txileko presidentearen egoitza delako eta, hain zuen, Allende bertan zegoelako Armadak bonbardatu zuenean. Agintaria ez zen bertatik bizirik atera.

Parte hartzaile askok ia hogeita hamar urte iraun zuen eskuin muturreko diktaduraren biktimen argazkiak eraman dituzte, eta «Non daude?» edo «Nik ez dut ahazten, justizia aldarrikatzen dut» bezalako pankartak ere ugariak izan dira.
Egia eta justizia

Hain zuzen, Daniel Judek, Recoleta auzoko alkate eta Alderdi Komunistako kideak, ezinbestekotzat jo du mobilizazioa, «ahanzturarik egon ez dadin, eta egia eta justizia garaile atera daitezen inpunitatea sarritan nagusi izan den herrialde honetan».

Bere eta manifestari askoren gogoan izan dira duela egun batzuk Brasileko presidente Jair Bolsonaroren hitzak, honek Pinocheten diktadurari gorazarre egin, eta Txileko presidente ohi Michelle Bacheleten aita hil izana ontzat eman baitzuen.

Urtero legez, mobilizazioa hainbat antolakundek eta giza eskubideen aldeko taldeek antolatu dute, eta ohi bezala bukaeran istiluak izan dira zenbait manifestari eta Poliziaren artean. Liskarrak manifestazioa hilerrira heldu denean hasi dira, baina ez dira izan aurreko urteetan bezain handiak, nahiz eta hamar lagun atxilotu dituzten.