Iratxe Fresneda

‘O que arde’, periferiak glamour artean

Iratxe Fresneda
Iratxe Fresneda

Oliver Laxe Parisen jaio eta sei urterekin bere gurasoen jaioterrira, Galiziara, bueltatu zen. Zinema ikasketak Bartzelonan burutu ondoren, Londresen bere lehen urratsak egingo ditu zeluloidearekin eta 2010. urtean Canneseko errealizadoreen hamabostaldiko Kritikaren Saria irabaziko du. ‘Todos vós sodes capitáns’ bere lehen film luzearekin argi laga zuen bere zinemagintzaren poetika zer nolakoa izango zen; istorio txikiek gidatutako kontakizunei heltzea.

Bere bigarren pelikula luzean, ‘Mimosas’ (2016), karabana batek hilzorian den patriarka jaioterrira heltzen laguntzeko Marokoko Atlas mendikatea zeharkatuko du. Zailtasunez beteriko misioa izango da. Abenturaz beteriko bidaia honetan, paisaia erromantikoen indarra nagusituko da poesiaz beteriko irudi ederren bitartez. Filmak Canneseko Kritikaren Astean Sari Nagusia irabazi zuen eta Laxeren begiradaren indarra azpimarratu zuen.

‘O Que Arde’, ETBk babestutako filma eta Koldo Zuazua euskalduna ekoizle lanetan izan duenak, Un Certain Regard sailean parte hartu du. Ohi duen bezala, aktore ez profesionalekin filmatu du, Amador eta Benedictarekin. Amador herrira, Benedicta bere amaren etxera, itzuliko da bi urtez kartzelan egon ondoren suteak pizteagatik. Galiziako paisaiak eta pertsonak, desagertzear dagoen mundu baten irudikapena egiten du Laxek pelikulan, samurtasunaz beteriko hurbilpena eginez. Sua, euria, naturak gidaturiko bizimoduaren koadroa egiten du galiziarrak, bere ibilbidean beste pausu bat emanez eta Epaimahairen Saria irabazten Canneseko zinemaldian. Kostata, goreneko zinemaldiek eman dioten babesagatik beharbada, Oliver Laxe Europako zinemagintzaren industriako iragazkitik pasatu da eta lan egiteko eta kontatzeko modu baten eramale askea bihurtu da, argi izpia, erdipurdiko panorama baten aurrean. Batzuetan zirrikitu bat zabaltzea besterik ez dago, haize freskoak naftalinaren usaina eraman dezan.