Haritz Larrañaga
BAIONA

Baionako meskitaren kontrako erasoa gaitzetsi dute Macronek, Etchegarayk eta beste askok

Estatu frantseseko nahiz Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta ordezkari publiko guztiek bat egin dute Baionako meskitaren erasoa gaitzetsi eta hobera egin duten bi zaurituei babesa erakusteko. 

Baionako meskitaren kontrako erasoan kanpo aldean zegoen auto bat erre zuen erasotzaileak. Guilaume FAUVEAU
Baionako meskitaren kontrako erasoan kanpo aldean zegoen auto bat erre zuen erasotzaileak. (Guillaume FAUVEAU)

Emanuel Macron Frantziako presidenteak «irmoki» kondenatu du astelehen arratsaldean Baionako meskitaren kontra buruturiko «eraso gorrotagarria». Atzo gauean erasoa izan zen lekura bertaratu zen Laurent Nuñez Estatu idazkaria, ostera, eta «Baionako eta Frantzia osoko komunitate musulmanari sostengua» erakutsi zion.

Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-Rene Etchegaray ere erasotua izan zen meskitara gerturatu zen albistearen berri jakin bezain laster, eta Lapurdiko hiriburuan «komunitate musulmana integrazio adibide» dela azpimarratu zuen. Etchegarayren iritziz, ez da zalantzarik, «hau atentatu bat da».

Poliziaren ikerketengatik meskita itxita egongo den denboran erabili ahal izateko lokal bat eskaini du Baionako udalak eta aurrerantzean erasoei aurre egiteko segurtasun neurri zorrotzagoak ezartzeko bitartekoak jarriko dituztela iragarri du.

Estatu frantseseko eta Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko guztiek gaitzetsi dute erasoa eta hego Euskal Herriko zenbait elkarte eta erakundek ere bat egin dute salaketarekin. Esate baterako, EAEko komunitate islamikoekin lankidetan aritzeko Ados aholku batzordeak ere «atentatua gaitzetsi» eta «biktimei elkartasuna» adierazi die.


Bi zauritu ospitalean
Meskitaren kontrako erasoa izan zen unean egoitzan aurkitzen ziren 74 eta 78 urteko bi pertsona zauritu zituen erasotzaileak haien kontra trio egon ostean. Batak besoan jaso zuen tiroa eta besteak toraxean.

Zauri larriekin ingresatu zituzten Baionako ospitalean, eta han jarraitzen dute, baina Etchegaray auzapezak argitu duenez, beren egoeraren inguruko «berriak lasaigarriak dira». Pirinio Atlantikoetako prefeturak nabarmendu duenez, zaurituen egorea «egonkorra da» eta Abdellatif Boutaty, Ipar Euskal Herriko musulmanen elkarteko lehendakariak jakin arazi duenez, bi zaurituetako bati ebakuntza egin diote gaur goizean.

«Noiz arte jazarpen hau?»

Abdellatif Boutaty, Ipar Euskal Herriko musulmanen elkarteko lehendakari eta Baionako rugby taldeko jokalari ohiari France Bleu irrati katean egin dioten elkarrizketa batean «zenbait politikari eta kazetarik» zabaltzen dituzten «mezu nahasgarriekin amaitu behar» dela aldarrikatu du, eta erasoen aurrean «batuta» erantzuteko unea dela adierazi du.

Azken egunetan Estatu frantsesean estabaida piztu da emakume musulmanek eramaten duten etsalkiaren inguruan. Boutatyren iritiz, «Gure erlijioa lasai bizi nahi dugu, Errepublikako legeen barruan, nahikoa da inora ez daramaten aferetaz hitz egiteaz, noiz arte jarraitu behar dugu honela?».


Irakasle ohia eta aramatua
Claude Sinkék, 84 urteko atentatuaren ustezko egileak, atxilotuta jarraitzen du «hilketa saikaera» bat egiteaz akusatuta. Erasoa gertatu eta ordu gutxira atxilotu zuten Sinké bere etxean, Baionatik hamar kilometrora dagoen Saint-Martin-de-Seignanx herrian.

Eskola militarrean ikasia eta frantses Hezkuntza Nazionaleko irakasle ohia, Front Nationaleko hautagai gisa aurkeztu zen Landetan 2015eko hauteskunde departamentaletan. Ordea, Jean-Michel Irachetek, Pirinio Atlantikoetako departamenduko Front Nationaleko idazkari nagusiak, ustezko erasotzailearekin ez dutela inongo harremanik adierazi du. Iracheten hitzetan, «pertsona bakarti batek egindako ekintza arduragabea izan da».

Le Figaro egunkariari egindako adierazpenetan bizi lagun batek baieztatzen zuen «etxean armak zituen» pertsona bat zela eta gainera, «jendeari erakusten» zizkiola. Lionel Causse, Saint-Martin-de-Seignanxeko auzapez ohiak ere ongi ezagutzen du Sinké, izan ere, herriko etxean sartzea debekatu zion alkatearen kontra bortizki zuzendu eta errankizun xenofobo eta homofoboak erabiltzeagatik.

Pasa den ostiralean Baionako Auzitegian nabarmendu zen Sinké. Emanuel Macron auzipetzeko froga sendoak zituela zihoen eta abokatuei laguntza eske aritu zen. Biharamunean bere haserrea adierazten zuen gutun bat igorri zien Akizeko prokuradoreari eta Sud-Ouest egunkariari, baina ez zuten gutuna argitaratu bere izaera «diskriminatzailea, xenofoboa eta difamatzailea» zelako.