naiz
Madrid

Estatuko hainbat eragilek ‘Hizkuntza-berdintasuna’ agiria aurkeztu dute Madrilen

Kontseilua, A Mesa Pola Normalización Linguistica, Ciemen, Iniciativa Pol Asturianu, Nogara, Plataforma per la Llengua, Omnium eta Acció Cultural del Pais Valencia eragileek ‘Hizkuntza-berdintasuna: askatasuna, aniztasuna eta demokrazia’ eta hauteskundeen bezperan, alderdiei konpromiso zehatzak eskatu dizkiete.

Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizako eragileek Madrilen aurkeztu dute ‘Hizkuntza-berdintasuna: askatasuna, aniztasuna eta demokrazia’ dokumentua. (KONTSEILUA)
Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizako eragileek Madrilen aurkeztu dute ‘Hizkuntza-berdintasuna: askatasuna, aniztasuna eta demokrazia’ dokumentua. (KONTSEILUA)

Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizako eragileek, Madrilen egindako ekitaldian, konpromisoak eskatu dizkiete alderdi politikoei hizkuntza eskubideak bermatzeko eta adostutako ‘Hizkuntza-berdintasuna: askatasuna, aniztasuna eta demokrazia’ dokumentua aurkeztu dute.

Gaztelania ez berezko beste hizkuntzen alde lan egiten duten gizarte eragileak dira guztiak eta, hauteskundeen bezperan, alderdiei konpromiso zehatzak eskatu dizkiete. «Kezkatzen gintuzten alderdi politiko batzuk zabaltzen ari ziren mezuek; hain zuzen ere, boterea erdietsiz gero, gaztelania ez berezko beste hizkuntzetako hiztunen hizkuntza eskubideak are gehiago urratuko zirela», adierazi dute. «Uste dugu mehatxu-olatu horri geure hizkuntzetan bizitzea bermatuko duen euste-horma jarri behar zaiola, eta horretarako konpromiso zehatzak behar dira. Horrexegatik pentsatu dugu Madrilera etortzea dela interpelazioa egiteko modurik zuzenena», gehitu dute.

Ondorioz, eragileek adostutako dokumentuak lau premisa eta zazpi konpromiso biltzen ditu. «Egun gaztelania eta gaztelania ez berezko beste hizkuntzak desorekan daude; hortaz, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia lortzeko, besteak beste, eskubidea eta betebehar berdinak aitortu behar dira, gaztelania ez beste berezko hizkuntzan gaitua den langileria kontratatu behar da; justizia-administrazioan gaztelania ez berezko beste hizkuntzen erabilera normalizatu behar da; legearen bidez ezartzen den gaztelaniaren inposizioa bertan behera utzi behar da. Gogoratu behar dugu legearen bidez gertatzen den gaztelaniaren inposizioaren ondorioz, gaur egun, adibidez, derrigorrezkoak diren hainbat tramite (zergak, isunak, gizarte segurantza… ) ezin direla gaztelania ez beste hizkuntza batean egin, edota bekak eta laguntzak ukatzen direla, baldin gaztelania ez den beste hizkuntza batean aurkezten bada», azpimarratu dute.

Era berean botere judizialaren araudia aldatzea «derrigorrezkoa» dela iritzi dute, «baldin eta gaztelania ez berezko beste hizkuntzetako hiztunen babes judizial eraginkorrerako eskubidea bermatuko bazaie».

Dokumentuaren ardatzak aurkezteaz gain, erakundeetako bozeramaileek aurreratu dute dokumentuaren kopia bidaliko dietela alderdiei konpromisoen aurrean jarrera bat hartzeko. Halaber, Diputatuen Kongresua eratzen denean, proposamena aurkezteko lehendakari berriarekin bilera eskatuko dutela aurreratu dute.