Amalur ARTOLA

‘Miñan’, Ibrahima Balderen bizipenak eta ahotsa Amets Arzallusen hitzetan bildua

Amak anaia txikia desagertua zela iragarri zionean, Ginea utzi eta, haren aztarnei segika, Europarako bidea hartu zuen Ibrahima Baldek. Bidaia horren kronika nobelatua da ‘Miñan’, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutako eleberria.

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da ‘Miñan’, Amets Arzallus Antiak hitzetan bildu duena. Jaioterrian, Konakryn (Ginea), kamioi gidari baten aprendiz zebilela amak anaia txikia etxetik falta zela iragarri zionean ekin zion basamortua zeharkatu eta Europarako bideari, tartean pasatzaile, polizia eta bahitzaileekin topo eginez, eta «egarria, gosea eta mina ezagututa», Donostiako Pandora tabernan egin den aurkezpenean autoreek eta Susako editore Leire Lopez Ziluagak azaldu dutenez.

Balde orain urtebete iritsi zen Euskal Herrira eta Irungo Harrera Sarean ezagutu zuen Amets Arzallus. Irunera iristen diren gehienak trantsizioko migranteak badira ere, batzuk asiloa eskatzen dutela azaldu du Arzallusek eta, une hartan, bera pertsona horiei eskaeraren tramitaziorako elkarrizketak prestatzen laguntzen zebilela. Balderekin izandako elkarrizketa, baina, ez zen saio bakarrera mugatu, eta bien artean harreman estuagoa sortu zen.

«Ibrahimak esango lukeen bezala, hitzez esplikatzeko oso erraza ez den harreman edo mugimendu bat sortu zen gure artean. Bere bizipenen kontakizunetan oinarritua dago liburua, baina niretzat harreman bati buruzko nobela ere bada: nola eraikitzen ditugun harremanak migrante batekin, horren harreman desorekatuak, eta nola joaten garen egokitzen», azaldu du, eta bere kasuan Balderekin harremantzea ikaste prozesu bat ere izan dela nabarmendu du, prozesu «oso zaila; baldarkeriz joan naiz egokitzen».

Argitalpenak Balderen bizipenak biltzen dituela nabarmendu du Arzallusek, ginearrarena dela liburua eta bera izan dela, baita ere, kontakizuna hitzetan nola eman marraztu duena. «Literaturara ni Ibrahimak eraman nau. Bere kontatzeko modua euskarara ekartzen ahalegindu naiz, badelako Ibrahimarengan kontatzeko modu bat». Susako editoreak ipuin afrikarren kutsua hartzen diela esan du.

Idazketa Balderen bizipenekin eta eraiki duten harremanarekin «oso lotua» dagoela ziurtatu du Arzallusek eta «eskua askatzen asmatzea eskua ematen asmatzea bezain inportantea» dela baieztatu du. Zentzu horretan, idazlearen arrastoa kontakizunetik ezabatzen ahalegindu da: «Nire arrastoa ateratzen saiatu behar izan dut, askotan berak bakarrik ahal zuelako, ni soberan nengoelako. Batzuetan, menpekotasunak elikatzen ditugu», hausnartu du. Hala, beretzat ‘Miñan’ idaztea «prozesu bitala» izan dela ziurtatu du, migranteekin harremandu eta botere desoreka horien kontzientzia hartzen duen edonoren parekoa.

Azkenik, aktualitateari lotutako liburua ere badela eta gizartea informatiboki «instantearen gaitzak jota» dagoela azpimarratu nahi izan du: «Migranteen informazioa fast food bat bezala iritsi eta hala kontsumitzen dugu, hausnartzeko denborarik gabe», esan eta liburu honekin «sakonago» iritsi nahi zuela ziurtatu du, «beste guztien lagina den ahots baten bidez ikusteko zer gertatzen den eta zenbat motibo ezberdin egon litezkeen guk zaku berean sartzen ditugun horien artean».

Amaieran, protagonista nagusiak, Ibrahima Baldek hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie bertan bildutakoei eta Harrera Sareko kideei –horietako zenbait bildu dira aurkezpenean–. Bere istorioa nola azaldu ez zekiela esan du eta esker ona agertu du bere kontakizunak zein liburuak izan duten harreragatik. Bere orainagatik galdetuta, egun Madrilen mekanikari ikastaro bat egiten ari dela esan du eta hain justu hilabete honetan jakinarazi diotela bere asilo eskaerak ezezkoa jaso duela. Abenduaren erdialdera arte formazioarekin jarraituko du, eta une horretatik aurrera Balderen etorkizuna galdera ikur handi batek estaltzen du.