naiz

Norbanakotik taldeetara jauzi eginez, euskara gehiago zabalduko du 2020ko Euskaraldiak

«Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» egingo da euskaraz Euskaraldiaren bigarren edizioan. Ahobizi eta Belarriprest ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko apustua egin du antolakuntzak.

Euskaraldiaren 2. edizioaren aurkezpena Donostian. (Jon URBE/FOKU)
Euskaraldiaren 2. edizioaren aurkezpena Donostian. (Jon URBE/FOKU)

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostiako San Telmo museoan. «Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» izango da hizkuntza ohiturak aldatu asmo duen ariketaren leloa, eta «berrikuntza» ugarirekin dator gainera.

Hainbat ordezkarik parte hartu dute aurkezpenean, tartean, Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Kike Amonarrizek, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok.

Berrikuntzetako bat, eta deigarriena, entitateetako eta ariguneen sorrera izango da. Datorren urteko edizioak hizkuntza ohituretan eragiteko eragin-eremua zabaldu eta sakondu asmo du, horregatik, iazko ariketan landutako banakako ariketa sustatzeaz gain, taldeetan eragingo du.

Hala, Belarriprest eta Ahobizi aukerak itzuliko dira, eta entitateetan –lantokietan, enpresatan, administrazio publikoan, eta abar– Euskaraldian parte hartzeko aukera zabaldu. Hori horrela, nabarmendu nahi izan dute bi figura horien gakoa «portaera» dela, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasuna.

Ekimenera Ahobizi eta Belarriprest gehiago biltzea eta «rolak ongi lantzea» du helburu 2020ko ariketak; gainera, lehenengo edizioak –11 egun izan zituen– baino egun gehiago izango ditu bigarrenak, 15.

Jakinarazi dute, halaber, irailean ireki zela herrietako batzordeek izena emateko epea, eta Euskaraldia martxan jartzeko daukaten «garrantzi zentrala» azpimarratu dute.