Azaroaren 25aren jatorria: kasu bat, denen ikur
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna mundu osoan emakumezkoek jasaten duten bortizkeria salatzeko eta berau desagerrarazteko neurriak eskatzeko abagunea izaten da. Urtea osatzen duten guztietatik, azaroaren 25a aukeratu zuen Nazio Batuen Erakundeak 1999ko abenduan, duela ia hogei urte. Baina zergatik hori?

Patria, Minerva eta Maria Teresa Dominikar Errepublikako eragile politikoak ziren, 1950eko hamarkadan Trujilloren erregimenaren aurka borrokatu zirenak. «Tximeletak» ezizena zuten 1959ko diktadorearen aurkako matxinada oroitzen zuen Movimiento 14 de Junio oposizio taldearen barruan. Familia aberats batekoak ziren, unibertsitate ikasketak zituzten eta hiruren artean, sei seme-alaba. Behin baino gehiagotan espetxeratu, bortxatu eta torturatu zituzten; hala ere, borrokan jarraitu zuten, diktadorearen aginduz hil zituzten arte.
1960ko maiatzean Minerva, Maria Teresa eta beren senarrak epaitu zituzten Santo Domingon, «Estatu dominikarraren segurtasunaren aurka egiteagatik», eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Abuztuan, ordea, bi ahizpak libre utzi zituzten, eta senarrak La Victoria espetxetik Salcedoko kartzelara bidali, etxetik gertuago egoteko. Tranpa bat zen, baina.
Victor Alicinio Peña Rivera tenienteak bere oroitzapenetan jaso zuenez, Roman jeneralak honako jarraibideak eman zizkion: «Mirabal ahizpen senarrak Puerto Platara bidaliko ditugu topatutako ezkutuko arma batzuen aitzakian (...) Behin hara eramanda, errepidean segada egingo diegu Mirabal ahizpei. Hil egin behar dute, auto istripu bat irudikatuko da. Nagusiaren nahia da». Eta hala egin zuten.
Azaroaren 25ean hiru ahizpak elkarrekin joan ziren Puerto Platako kartzelara bisita egitera, eta Salcedora bueltan, Marapicako zubian, militarren inteligentzia zerbitzuko kideek atzeman zituzten. Pistolaz beste auto batean sarrarazi, eta Peña Rivera zain zuten etxe batera eraman zituzten. Han, urkatu eta hil arte jipoitu zituzten. Gero, hiru ahizpen gorpuak gidariarenarekin batera autoan sartu, eta amildegi batetik bota zuten. Patriak 36 urte zituen, Minervak, 34, eta Maria Teresak, 25.
Hiltzaileak, ihes
Indarkeria matxistaren eta diktaduraren aurkako borrokaren ikur bihurtu ziren. Erailketak oihartzun handia izan zuen dominikarren artean eta diktaduraren gainbeheraren eragileetako bat izan zen. Sei hilabete geroago erresistentziak Trujillo hil zuen. Mirabaldarren hiltzaileak, berriz, 1962an epaitu zituzten eta hainbat urtetako espetxe zigorra ezarri. Ez ziren, ordea, luze egon kartzelan; Trujilloren aldeko talde baten laguntzaz, Dominikar Errepublikatik ihes egitea lortu zuten.
Hego Ameriketako mugimendu feministak izan ziren aldarrikapenenerako egun hau hautatzen lehenak. 1981ean, Bogotan (Kolonbia), Karibe eta Latinoamerikako Lehen Topaketa Feminista egin zuten.
Hamabi urte geroago, NBEk Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeari buruzko Adierazpena onartu zuen. Horren arabera, emakumeen aurkako indarkeria «generoan oinarritutako biolentzia-ekintza oro da, kalte fisiko, sexual edo psikikoak sortu edo gertatzeko bidean jartzen duena. Biolentzia horren adierazle dira mehatxuak, presioa edo askatasuna bidegabeki debekatzea, bai eremu pribatuan bai publikoan gertatuta». Sei urte geroago, Batzar Nagusiak Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen azaroaren 25a.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

«Rotundo rechazo» de EH Bildu, Elkarrekin y PSE a la presencia de Desokupacyl en Zornotza


