NAIZ

Euskararen Egunaren harira adierazpena adostu dute Lakuak, Aldundiek, Eudelek eta UEMAk

Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek, Eudelek eta UEMAk adierazpen bateratua adostu dute, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Euskaraldiaren hurrengo edizioa eta etorkizuna jartzen ditu jomugan.

Euskaraldiaren 2. edizioan fokua jartzen du erakundeen adierazpenak. (Jon URBE/FOKU)
Euskaraldiaren 2. edizioan fokua jartzen du erakundeen adierazpenak. (Jon URBE/FOKU)

‘Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera’ du izenburu Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek, Eudelek eta UEMAk Euskararen Nazioarteko Egunaren harira adostu duten adierazpenak. Abenduaren 3an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldi ofizialean irakurriko da adierazpena, arratsaldeko 19.00etan.

Erakunde horiek nabarmendu dutenez, ezinbestekoa da «etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea». «Argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko».

Horregatik, agiriak balioa ematen dio euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanari, baita gizartearen atxikimenduari ere: «Jarduerak adostu ditugu. Diagnostikoak hurbildu ditugu. Ekimenak josi ditugu elkarrekin. Elkarrekin ebaluatu dugu egindakoa. Elkarrekin hobetuko dugu hobetu beharrekoa. Eta gizarteak erantzun sendoa eman du, onetsiz euskararen erabilera era iraunkor eta argian handiagotzeko estrategia eta molde berriak».

Adibidetzat jarri dute Euskaraldia ekimena: «Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen euskal hiztunak, neurri batekoak nahiz bestekoak. Aktibatu zituen, baita ere, herri aginteak eta askotariko gizarte-erakundeak, ikuspegi berri batetik. Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen».

Adierazpenak jomugan jartzen du Euskaraldiaren hurrengo edizioa: «Berraktibatuko dugu, berriz ere denon arteko adostasun eta lankidetzan, eta hurrengo urteko Euskararen Nazioarteko Egunak izango du, ezinbestez, toki propioa ariketa sozial erraldoi horren ingurumarian».

Baina euskararen erabilera indartzeko Euskaraldiaz harago bstelako bideak jorratu behar direla ere ohartarazten du agiriak, eta bereziki ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen alorra aipatzen du, «gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita». 

Sinatzaileek sozioekonomian euskara sustatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, ez baitago «hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik».

Adierazpena «etorkizunari begira» bukatzen da: «Aldekotasun eraldatzailea da gure gizartea, euskal hiztunok eta euskaltzaleok aktibatuz, bideratzen ari dena. Bertan du euskarak etorkizuna. Bide eta praktika berrietatik datorren etorkizuna. Ongi etorri etorkizunera».