NAIZ

Dave Bieter Boiseko alkate euskaldunak kargua galdu du 16 urteren ondoren

Hamasei urtez Idahoko hiriburuko alkate izan ostean, Dave Bieter-ek kargua utziko du datozen asteetan, atzo egin ziren hauteskundeetan Lauren McLean hautagai errepublikarra garaile irten baitzen.

Dave Bieter Donostiako Alkateen Konferentzian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Dave Bieter Donostiako Alkateen Konferentzian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Dave Bieter Alderdi Demokratako hautagaiak botoen %34 lortu du eta Lauren McLean Alderdi Errepublikarreko hautagaiak, berriz, %66. Horrenbestez, hamasei urtez Boiseko alkate izan den jatorri euskalduneko politikariak kargua utzi beharko du datozen asteotan. 

McLeanek Twitter bidez jakinarazi duenez, emaitzak ofizial egin ondoren Bieterrek zoriontzeko deitu dio. Berak ere eskertu egin dio hainbeste urtetan bere hiriagatik egin duena. 

Bieter Ameriketara joan ziren euskal artzainen ondorengoa da –aitona, artzaina, Larrabetzukoa zuen eta amona, lekeitiarra–. Diasporako pertsonarik ezagunenetakoa da eta euskalduna da; Euskal Herritik kanpo munduan zegoen alkate euskaldun bakarra.

Euskal gatazkaren konponbidean ere ezaguna izan da bere engaiamendua. Bere garaian Idahoko Estatuan Euskal Herriaren eskubideen aldeko adierazpena bultzatu zuen Pete Cenarrusa zenarekin batera, eta 2013ko urrian egin zen Donostiako Alkateen Konferentzian ere parte hartu zuen, autodeterminazioaren aldeko aldarria eginez.

2015eko udan, Boiseko Jaialdian erabakitzeko eskubidearen alde egin zen ekitaldian gidari lanak egin zituen, euskaraz nahiz ingelesez.

Bieterrek Barack Obamarekin Air Force One hegazkinean egin zuen bidaiak ere oihartzuna izan zuen, izan ere euskal artzainei buruz kontatu zizkionak izan zituen gero hizpide orduan AEBetako presidente zenak hitzaldi batean.