naiz

Kaleratzeak Stopek Europako jurisprudentzia aplikatzeko exijitu dio Gipuzkoako Auzitegiari

EAEko Kaleratzeak Stop plataformak Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du eta erakundeari jakinarazi dio Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia «zuzenean» aplikatu behar duela hipotekaren arloan, «espainiar Auzitegi Gorenaren bozeramaile» izan beharrean.

Agerraldia egin dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren parean. (KALERATZEAK STOP)
Agerraldia egin dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren parean. (KALERATZEAK STOP)

Ohar baten bidez, EAEko Kaleratzeak Stop-ek Gipuzkoako Audientziarekin «haserre» dagoela adierazi du, «hipoteka exekuzioen inguruko irizpidea guztiz aldatzen» ari delako eta, ondorioz, «12 kuota baino gehiago zor dituzten eta egoera zaurgarrian dauden familien kaleratzeak eta beraien etxebizitza enkantean jartzea» eragiten ari delako.

Gainera, kritikatu du Gipuzkoako Auzitegia «Auzitegi Gorenaren jarraitzailea» dela, «urteak daramatza familien kalterako ebazten». «2013an, Auzitegi Gorenak bankuek zoru-klausulen bitartez jaso zutena ordain zezaten saihesten saiatu zen, 2017an HMEIa abusuzkoa izendatu zedila saihestu zuen eta, aurreko urtean, egun batean hipotekaren zergak bankuak ordaindu behar zituela ebatzi eta, hurrengoan, bezeroak ordaindu behar zituela esanez iskanbila sortu zuen», gaitzetsi dute.

Orain arte, ia epaitegi guztiek, Auzitegi Gorenak barne, aurreratutako epemugaren klausulak hipoteka kontratua ez zuela eragiten ebazten zuten eta, ondorioz, artxibatu egiten zuten. Alabaina, aurtengo irailaren 11an, «Auzitegi Gorenak Bankuen onurarako zuzendu du bere irizpidea», diote. «Orain, aurreratutako epemugaren klausula bertan behera uzteak kontratu osoaren bertan behera uztea dakarrela dio eta, zordunarentzako kaltea dela argudiatuz, baina galderarik egin gabe, prozesuak jarrai dezan proposatzen du».

Hala, Kaleratzeak Stopek uste du irizpide horrek, loteslea ez den arren, «Higiezinen Kredituari buruzko Legea urratzen duela. Lege horrek berariaz debekatzen du Legea indarrean jarri aurretik sortutako epemugetan aplikatzea, eta Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia urratzen du. Izan ere, joan den urriaren 3an, betearazpena baliogabetzat jotzen bada, eragindako pertsonari galdetu behar zaio».