NAIZ
GASTEIZ

Giroa enpresako langileek greba egingo dute abenduaren 24tik urtarrilaren 12ra

Giroa enpresak Araban duen ordezkaritzako enpresa batzordeak greba egingo du astearte honetatik heldu den urtarrilaren 12ra arte, zuzendaritzaren jarrera salatzeko. Abenduaren 26 eta 27an elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizen.

Giroa enpresa kudeaketa energetikoaren mantentze-lanetaz arduratzen da udal eraikinetan, Osakidetzan, Justizia Jauregian, Gasteizko Udalean eta bestelako erakunde eta komunitate batzuetan. Araban duen ordezkaritzako enpresa batzordeak (CCOO, LAB, ELA eta UGT sindikatuek osatzen dute), greba deitu du abenduaren 24tik urtarrilaren 12ra, ohar batean jakinarazi duenez.

Salatu dutenez, enpresaren zuzendaritzak «aldebakarrez ezarri du derrigorrezko guardia sistema bat plantilla ia osoa osatzen duten teknikoentzako, lan baldintzak zeharo aldatuz». Hala, 24 ordu lan egitera behartzen duen sistema dela adierazi dute, «astelehenetik igandera, horrek dakarren guztiarekin».

Enpresa batzordeak dioenez, langileen ordezkaritza «beti» egon da negoziatzeko prest, betiere «guardiak borondatezkoak izanez gero eta dagokion bezala konpentsatuz gero, edo orain arteko sistemarekin jarraitzeko, guardietarako osatutako lan talde berezitu batekin, 15 urte daramana funtzionatzen».

Negoziaketa «luze eta etsigarri» baten ondoren, enpresak bere jarrera «itxia» erakutsi duela diote sindikatuek, «negoziatzeko garaian eskuduntza, errentabilitatea eta merkatua argudio gisa erabilita, eta tematuta 24 orduko doaneko zerbitzua eskaintzearekin, langileak erabilita».

«Azkenean, 41. artikulua inposatzen bukatu du, lan baldintzak zeharo aldatuz», gaitzetsi dute.

Horregatik, grebarekin batera bi elkarretaratze egingo dituzte, abenduaren 26an 11.00etan Gasteizk Andra Mari Zuriaren plazan, eta hilaren 27an, 12.30ean, Desanparatuen plazan.