NAIZ
Santurtzi

Bilboko Portuko eta Itsasadarreko pilotuek lehen greba eguna hasi dute soldatak izoztu dizkietelako

Bilboko Portuko eta Itsasadarreko Pilotuen Korporazioko beharginek lehen greba eguna hasi dute ostegun honetan. Soldatak izoztu dizkiela deitoratu nahi dute, nahiz eta hitzarmena 2021eko abenduaren 31 arte indarrean egon. LABek parte hartze ona sumatu du grebaren lehen orduetan.

Bilboko portuko irudia. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Bilboko portuko irudia. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Bilboko Portuko eta Itsasadarreko Pilotuen Korporazioaren aginduz ontziratzen diren beharginek lehen greba eguna hasi dute ostegun honetan goizeko 9.00etan. Aurreneko geldialdi honek larunbat goizera arte iraungo du eta bigarren deialdi bat ere iragarri dute, hilaren 30etik urtarrilaren 1era arte.

Greba egunaren lehenengo orduen balantzea egin du LABek eta honen esanetan, parte hartzea «arrakastatsua» izan da «abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren».

Abenduaren 16an burutu zuten bileran erabaki zuten grebara joatea, enpresaren zuzendaritzak soldata izozteko erabakia hartu zuelako. LABek gogoratu du hitzarmena 2021eko abenduaren 31 arte indarrean dagoela.

Era berean, onartu dute ulertzen dutela portuko pilotuen zuzendaritzak izan dezakeen ezinegona. Bilboko portuaren zuzendaritzarekin norgehiagokan dago azken 6 urteetan itsas zerbitzu trafikoen tarifak eguneratu ez dituelako baina «ez dugu inondik inora onartzen ondorioak beharginok ordaindu behar izatea».

Grebarekin aurrera

Langileek ohartarazi dute greba deialdiarekin aurrera jarraituko dutela «soldatak bere horretan irauteko agindua bertan behera geratzen ez den bitartean».

Ostiral honetan grebak aurrera jarraituko du larunbateko goizeko 9.00ak arte. Astelehenean, hilaren 30a, ordu berean hasiko dute geldialdia urtarrilaren 1eko 10.00ak arte iraungo du. Abisatu dute «horrela jarraituko» dutela hitzarmen kolektiboan hitzartutakoa «berrezarri arte».