Jon Ormazabal

Bosgarren garaipena jarraian Altuna III.a-Ladis Galarzarentzat (14-22)

Partidaren lehen erdia orekatua suertatu bada ere (9-9), Aspeko bikotea Bengoetxea VI.a-Mariezkurena baino askoz eraginkorragoak izan dira eta garaipen erosoa eskuratu dute Azpeitian.

Jokin Altunak partida eraginkorra osatu du (Jon URBE/FOKU)
Jokin Altunak partida eraginkorra osatu du (Jon URBE/FOKU)

Bolada ezin hobean, jokatutako azken bost partidak irabazita, heldu dira Jokin Altuna eta Ladis Galarza ligaxkako lehen itzuliko azken jardunaldira, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrenari bi parte oso desberdin izan dituen lehian eroso gailenduta. Txanponaren beste aurpegia dira sailkapenaren zuloan burua altxa ezinda dabiltzan nafarrak, gaurko porrotarekin lehen itzulia garaipen bakarrarekin amaitu dute eta. 

Partidaren hasiera oso orekatua izan da, bikote bakoitzak boladatxoak izan baititu bere alde. Azken partidekin alderatuta, bi atzelariak asko hobetu dituzte euren prestazioak, huts gutxi egin eta aurrelariei aukera gutxi eskainiz. Batez ere Jon Mariezkurrena nabarmendu da hasiera horretan, aurkaria eusteaz gain, pilotakada latzak jota bi tanto ere batu baititu. Ladis Galarzak, bere aldetik, behetik gora egin du eta partida oso txukuna jokatu du, asteazkeneko zalantzak uxatuz.

Aurrean, ordea, Oinatz Bengoetxeari gehixeago kostatu zaio erasoan protagonismoa izatea eta hortxe hautsi da partida, nahiz eta Baikokoak 9-8 ere aurreratu diren. Jokin Altuna askoz eraginkorrago aritu da eta aurreko koadroetan, urteberri egunean, duela bi egun, partida gogor xamarra jokatu zuten arren, amezketarrari bizi irten dio pilotak eskuetatik, mina egin dio beti deserosoa den Oinatz Bengoetxeari eta aurrean egon da alderik handiena.

Sailkapenak estututa, saiatu dira gorriak partidari eusten, 15-13 ere gerturatu dira, baina Bengoetxea VI.ak ez du erasora pasatzeko aukera askorik topatu, hein handi batean Ladis Galarzak oso partida sendoa jokatu duelako eta gainera asmatu ere gutxitan egin du. Gauzak horrela, partidaren bigarren zatia oso bestelakoa izan da, urdinak oso nagusi izan dira eta garaipen erosoa eskuratu dute. 

 

 

Bengoetxea VI-Mariezkurrena II.a 14

Altuna III.a-Ladis Galarza 22

 

Pilotakadak: 541

Iraupena: 61,30 minutu.

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 6-3, 6-8, 9-8, 9-13, 11-13, 11-15, 13-15, 13-19, 14-19, 14-22.

Sakeak: 2 Bengoetxea VI.ak eta 1 Altuna III.ak.

Tantoak: 3 Bengoetxea VI.ak, 2 Mariezkurrenak eta 11 Altuna III.ak.

Hutsak: 5 Bengoetxea VI.ak, 4 Mariezkurrenak, 4 Altuna III.ak eta 3 Ladis Galarzak.

Gorabeherak: Sarrera ona, 750 pilotazale inguru Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.