
30 bat laborarik Lur Berri kooperatibako sarrera blokeatu dute gaur goizean goiz. 7.30tan hasi den protesta ekimen horren bidez iragan abenduaren 20an Olivier Antonin kooperatibako zuzendari nagusiaren albokoa kanporatu zutela salatu dute laborariek.
Nafarroa Behereko Aiziritzeko herrian kokatzen den kooperatiba Amikuzeko eskualdeko laborari talde batek sortu zuen 1936. urtean. 70. hamarkadan eskualdeko beste kooperatiba batekin bat egin eta Lur Berrik talde kooperatibo gisara bere zabalkundea abiatu zuen.
2000. urtean 5.000 bat laborari bere baitan hartzen zuen kooperatibak oso eragin handia izan du eskualdeko garapen ekonomikoan. Izan ere, azkeneko bi hamarkadetan Lur Berrik garatu zuen hedapen prozesuari loturiko ez adostasun eta gatazkak areagotu dira.
Gaurko protesta ekimenaren bidez laborari talde batek kooperatiba taldeko zuzendari nagusia den Olivier Gemin beraien ustez agertzen duen jite «diktatoriala» salatu du. Hartara, zuzendariaren portaera salatuz traktorea ezarri dute egoitzaren aurrean.
Abenduaren 20an kanporatua izan zen Antoninek «laborariekin zuen tratu ona» nabarmendu du protestan parte hartu duen arto ekoizle batek.
Blokeo ekintza hasi eta ordu batera Olivier Gamin zuzendariak protesta burutu duten laborariekin bilera egin du. Bertan izan dira urtarrilak 3az geroztik Lur Berriko presidente den Eric Narbais-Jayreguy, baita kooperatibako presidente ohia Sauveur Urrutiaguer ere.
Kooperatiba «izpirituaren galera»
Azken urteotan tokiko laborariak babestu baino janari ekoizpen industrialak dituen interesen arabera jardutea egotzi diote, behin baino gehiagotan, Lur Berri kooperatibari.
Iragan hurbilean ELB sindikatuak bai ekoizleekin ezarri duen harreman eredua baita nekazal kooperatibak egin dituen beste hainbat hautu -hala nola arto trasgrenikoaren ekoizpena bultzatzea- auzitan eman ditu.
Zaldi haragiaren eskandalua
2013. urtean eztanda egin zuen zaldi haragiaren eskandaluak zeharka kolpatu zuen Nafarroa Behereko kooperatiba, bide batez «kooperatibaren desbideratze neoliberala baieztatuz», garaian ELBko ordezkariek salatu zutenez.
Kontsumitzaileari iruzur egitea leporatuta, denbora batendako haragia tratatzeko baimena kendu zion orduko Frantziako Gobernu sozialistak Spanghero enpresari.
Enpresa horren lehendakaria Lur Berriko burua urtetan izan zen Barthelemy Aguerre zen. Aguerrek ardugabekeritzat jo zuen garaiko Kontsumo ministroa Benoît Hamonek hartu zuen erabakia.
Enpresak fede onez jokatu zuela eta Europa ekialde hornitzaile batek tronpatu egin ziola azaldu zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak.
Alta, gobernuak Lur Berri kooperatibak erositako Spanghero empresak jakin bazekiela zaldi haragia behia balitz bezala saltzen zuela ondorioztatu zuen.
2019ko urtarrilean egin zuten auziaren ondorioz, garaian Spangheroko burua zen Jacques Poujolek sei hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen. Epaiketa horretan lekuko gisa hitza hartu zuen Barthelemy Aguerrek Poujolen defentsa egin zuen eta Lur Berri kooperatibak iruzurrari buruz deus ez zekiela berretsi zuen.

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Gladys Enean eta kantuan oroitu dute Sabino Ormazabal

El fuego en el puerto de Pasaia confina a los vecinos de Lezo durante horas
