NAIZ

Alonsotegik Aldana tabernako biktimak gogoratu ditu atentatuaren 40. urteurrenean

Duela 40 urte, 1980ko urtarrilaren 20an, Grupos Armados Españolesek (GAE) burutu zuen atentatua lehergailuz, goizaldeko ordu bata aldera. Atean Goma-2ko sei kilo jarri zituen, eta lau hildako eta hamar bat zauritu eragin zituen. Astelehen honetan gogoratu dituzte Bizkaiko udalerrian.

Aldana tabernako biktimak gogoratzeko ekitaldia, Alonsotegin. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Aldana tabernako biktimak gogoratzeko ekitaldia, Alonsotegin. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Aldana Tabernan izandako atentatuaren biktimak gogoratu eta euren familiei babesa eman diete astelehen honetan, Alonsotegin. Ekitaldia 19.00etan hasi da San Bartolome Elizan eta, ondoren, lore eskaintza egin dute herriko muralen aurrean.

Joseba Urbieta udalerriko alkateak oroigarria eman die atentatuan hil ziren Manuel Santacolomaren, Liborio Aranaren, Mari Paz Ariñoren eta Pacifico Ficaren senideei eta Aldana tabernaren jabeak ziren Garbi Zarateren eta José Ángel Gonzálezen senideei ere.

Bere hitzaldian Urbietak azpimarratu duenez, gertatutakoa «ekintza terrorista krudela, koldarra eta kupida bakoa» izan zen. Bere iritziz, «ezabatu ezin daitekeen aztarna» utzi zuen gertakariak eta, gehitu duenez, «Alonsotetik ez du inoiz ahaztuko gertatutakoa, eta ez ditu inoiz bakarrik utziko inork jasan beharko ez lukeena jasan zuten biktimak. Beti zuen ondoan egongo den herria daukazue hemen».

Gainera, «hilketa koldar haiengatik» inork ez duela ordaindu gogorarazi du. «Biktimek eta euren senideek ez dute inoiz justiziarik izango gutxienez atentatu haren arduradunak identifikatu eta erantzukizunak garbitzen diren arte. Bere burua errespetatzen ez duen herri batek baino ezin duelako onartu horrelako gertakari ikaragarria ondorio barik geratzerik», nabarmendu du.

Ekitaldiak bultzada instituzional eta politiko garrantzitsua izan du. Beste batzuen artean, bertan egon dira: Iñigo Urkullu lehendakaria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzueta.

Beste indar politiko batzuetako ordezkariak ere izan dira gaur Alonsotegin. Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak sare sozialetan zabaldu du bertan egindako gerra zikinaren salaketa.