NAIZ

Greban diren Bizkaiko etxez etxeko langileak egun osoko mobilizazioa egiten ari dira Bilbon

Greban diren Bizkaiko etxez etxeko langileak egun osoko kontzentrazioa egiten ari dira Bilboko Arriaga Plazan, sektoreak bizi duen gainbehera asistentziala eta beharginek pairatzen dituzten lan baldintza «kaskarrak» salatzeko.

Bizkaiko etxez etxeko langileen mobilizazioa Bilboko Arriaga Plazan. (ELA)
Bizkaiko etxez etxeko langileen mobilizazioa Bilboko Arriaga Plazan. (ELA)

ELA, LAB eta UGTk martxoan deitutako bigarren greba eguna da hau. Ia hiru urte igaro dira etxez etxeko sektoreko langileak mobilizatzen hasi zirenetik eta 40 greba egunen langa gainditu dute jada. Lan hitzarmena lortzeko borrokan zerbitzuaren titular diren udalek eta zerbitzua bera eskaintzen duten patronalek «jarrera inmobilistan» jarraitzen dutela salatu dute.

Gogorarazi dutenez, «gero eta gehiago dira menpekotasun egoeran dauden pertsonak eta, beraz, asistentzia behar dutenak; kalitate asistentziala, ordea, gero eta kalitate baxuagokoa da. Prestazio orduak jaisten ari dira lana handitzen ari den bitartean. Horrek ondorio argia dauka: kalitate asistentzialaren galera larria».

Lan baldintzetan ere «beherakada handia» gertatzen ari dela nabarmendu dute: «8 urte baino gehiago soldata izoztuta, behin-behinekotasun tasa handia, lanaldi partzialak, kontziliazioa galarazten duen malgutasun gero eta handiagoa...»

«Martxoaren 8a gertu dago, eta instituzioak berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko deklarazioak egiten hasi dira. Etxez etxeko laguntza zerbitzua bezalako sektoreetan berdintasun erreala lortzeko aukera daukate, emakumeen lan baldintzetan eta, ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatzeko aukera paregabea», adierazi dute.

Langileak Bilboko Arriaga Plazan izango dira egun osoan bertaratzen direnei euren egoeraren berri emateko.