NAIZ

Plantilla osoa kaleratuz Metalurgicas Iruña lantokia itxi dutela salatu du LABek

Plantilla osoa kalean utziz hamar langile zituen Metalurgicas Iruña enpresa itxi dutela salatu du LAB sindikatuak. TRW, Kybse edo Magnesitas bezalako enpresak zituen bezero, baina «gerentziaren kudeaketa txarraren ondorioz» egoera konplikatu egin da, «irtenbidea bete langileen poltsikoa ukitzetik pasa» delarik, sindikatuaren arabera.

Metalurgicas Iruña enpresako langileek azken aldian egin duten mobilizazioetako bat. (LAB)
Metalurgicas Iruña enpresako langileek azken aldian egin duten mobilizazioetako bat. (LAB)

TRW Landaben, Kybse edo Magnesitas bezalako enpresetan zerbitzua ematen zuen hamar langileko Metalurgicas Iruña enpresak ateak itxiki dituela plantila guztia kalean utziz salatu du LABek. «Gerentziaren eta beste arduradunen azken urteetako kudeaketa txarraren ondorioz enpresak egoera konplikatuak bizi izan ditu, zeinetan irtenbidea beti langileen poltsikoa ukitzetik pasatu baita. 2019ko ekainean, enpresako zuzendaritzak hitzarmenaren inaplikazioa egin zuen soldatak izoztuz. Inaplikazio horretan, enpresaburuek langileen lanpostuak bermatzeko konpromisoa hartu zuten; baina gaur gaurkoz badakigu ez zutela berau betetzeko inolako asmorik», azaldu du sindikatu honek.

Irailean soldata berandu jaso zuten langileek eta urritik aurrera ez dute deus kobratu. Egoera hartan mobilizazioen bideari ekin zioten, ekimen desberdinak aurrera eramanez, hala nola, azaro bukaeran egindako lau eguneko greba. Mobilizazioek iraun bitartean langileek, LABeko delegatu bakarraren bitartez, enpresarekin negoziazio bideak irekiak izan dituzte. «Langileen helburua argia zen, egoera hau irauli eta denon etorkizuna bermatzea. Enpresak aldiz, uko egin dio negoziazio bide horri eta bere autoritarismo eta prepotentziaren erakusle nagusiak izan dira datuak ezkutatzea eta langileak etengabe mehatxatzea», dio LABek.

«LABek pentsatzen du langileen kaleratzea eta enpresaren itxiera oso larria dela. Baina aldi berean, uste dugu, ezinbestekoa dela langileek beraien lanpostuen defentsan egindako borroka balioan jartzea. Honekin batera, gure ustez, nafar ehun industriala babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da eta horretan instituzioek duten erantzunkizuna nabarmendu behar dugu. LABek langileen lanpostuen defentsan irmoki jarraituko du, eta bide horretan mobilizazio eta borrokarako deia egiten du», gaineratu du sindikatuak.