joseangel.oria@gaur8.info

LATINOAMERIKA

Latinoamerikan matxismoa atzera egiten hasia da, zenbait herrialdetan sortu dituzten giza mugimenduen kemenari esker. Txileko Las Tesis taldeak koreografia ezin arrakastatsuagoa egin zuen eta dagoeneko mundu osoko feministen himno bihurtuta dago. Argentinan, abortua legeztatzeko mugimendua berriz indartu da. Mexikon «herrialde feminizida» izateari utzi nahi diote.

Azken hamabi hilabeteotan asko nabarmendu dira Latinoamerikako mugimendu feministak eta aginte matxistaren posizioak mugiarazteko makina bat ekimen arrakastatsu plazaratu dituzte. Mexiko, Argentina zein Txileko kaleetan ez da moteldu emakumeen presioa, indarkeria matxistaren aurka eta abortu eskubidearen alde benetako lorpenak gauzatu daitezen; aurrera egiteko exijitzen diete gobernuei. Kaletik alde egiteko asmorik ez dute.

Orain aste batzuk, dozenaka mila manifestari elkartu ziren Argentinako Parlamentuaren aurrean, Buenos Aires hiriburuan, parlamentariek abortu eskubidearen inguruko erabakiak lehenbailehen eztabaidatu eta onartu ditzaten.

Argentinako Senatuak atzera bota zuen abortua legeztatzeko proposamena 2018an, baina bertako indar korrelazioa aldatu egin da, azken hauteskundeetan Alberto Fernandezek zuzendutako zentro-ezkerreko koalizioak lortu baitzuen gehiengoa.

Abortua eta agenda

Elsa Schvartzman argentinar ekintzaile beteranoak azken hamarkadotako borroka ekarri zuen gogora Senatuaren aurrean kazetariekin hitz egin zuenean, lepoko zapi berdea (mugimenduaren ikurra) jantzita zuela: «Orain inork ezin izango digu esan denbora gehiago behar duela gaia aztertzeko, oso lotsagarria izango litzateke-eta. Abortuaren legeztatzea agenda publikoan ezarri izana kalean egindako borrokaren fruitua da, azken 30 urteotako borroka feminista berreskuratu duten kanpainen emaitza».

Argentinako feministek egindako borroka eredutzat dute Latinoamerikako herrialde gehienetan, haurdunaldia etetea delitutzat baitute oraindik leku gehienetan, Uruguai, Kuba eta Mexiko Hiria aparte utzita. Yanina Waldhorn ekintzaileak kazetariei esan dienez, «2018an ikasi genuen borroka ez zela Argentinako kontua bakarrik, nazioartekoa baizik. Latinoamerikan batez ere, eskubide horren aldeko borroka herrialdetik ateratzeko beharra sentitzen zen. Lepoko zapi berdearekin bat egin zuten borroka horiek guztiek».

Amak erakutsitakoa

Erica Rivas aktore argentinarra saririk gabe itzuli da Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemalditik. Ideia feministak defenditzen ditu eguneroko bizitzan zein zinean: industria horretan emakumeen arteko babesa ematearen aldekoa da, aldaketaren bat lortu nahi bada; eta kalean antolatzen diren protestaldietan berak esku hartzea ez da inor harritzeko modukoa.

«Nondik datorkizu joera feminista hori?», galdetu berri diote Alemaniako hiriburuan. «Nire amarengandik», erantzun zuen aktoreak.

Rivasek kontatu duenez, amak, ikasketak egiten zituen bitartean, lau seme-alaba hazi zituen erabat ahulduta egon arren. Horregatik esaten omen zion Ericari: «Ez zaitez gizon baten mendeko izan. Norberak egiteko esaten zuen, autoa gidatzeko aukera izan bezain pronto autoak gidatzeko». Gainera, aktoreak bere amona «zapalduak» ekarri zituen gogora, haiek ere joera hori indartu zutelakoan.

Argentinan politikariak estutzen saiatzen ari badira, Andeen beste aldean beste urrats bat egin dute eta Txileko Alderdi Feminista sortzeko tramiteak abian jarri dituzte emakume batzuek. Beren helburua litzateke herrialdean idazten ari diren Konstituzio berriaren prestakuntzan nolabaiteko eragina izatea.

Alderdi berria oso testuinguru berezian jaioko da, Txilen sortutako kanta eta koreografia bat mundu osoan erabiltzen den himno feminista bihurtu baita.

Koreografia arrakastatsua

Las Tesis izeneko kolektiboak plazaratu zuen “Bortxatzaile bat zure bidean” izenburuko performancea, mundu osoko mobilizazioetara iritsi den koreografia ezin arrakastatsuagoa. «Esnaera garbi bat izan dugu Txilen eta Las Tesis taldearen indarrak erakutsi digu emakumeok ahal dugula alderdi propioa eraiki; herrialde hobe, justuago eta berdinzaleagoa eraikitzeko garaian eragina izateko momentua dela», azaldu dio Efe berri agentzia espainolari Rosa Moreno PAF Alderdi Feminista Alternatiboko presidenteak.

Adin eta esperientzia profesional ezberdinetako emakumeak dagoeneko alderdian sartu dira eta Servel hauteskunde zerbitzuak aurki esango die alderdi politiko bihurtuta dauden ala ez. Ehunen bat emakume elkartu ziren orain aste batzuk Servel zerbitzuko egoitzaren aurrean festa giroan, pankartak eta zalaparta eragiteko makina bat tresna hartuta.

Moreno eta beste kide batzuk dokumentazioa entregatzera sartu ziren bitartean, gainerakoak kanpoan geratu ziren, kantari kasu batzuetan eta beren eskariak oihukatzen besteetan. Urrats hori bete eta gero, sinadurak bildu behar dituzte orain herrialde osoan zehar Txileko historiako lehendabiziko alderdi feminista bihurtzeko.

Boto eskubidea

Rosa Moreno 65 urteko politologoak gogora ekarri zuen XIX. mendeko lehen hamarkadatan izan zirela Txilen emakumeek osatutako alderdiak. Haien helburua botoa emateko eskubidea onartzea zen. PAF litzateke, beraz, genero berdintasuna ardatz moduan hartu duen lehen formazioa, Moreno Greenpeace talde ekologistako buru ere izan zen ekintzaileak azaldu duenez.

«Txileko feministok ez genuen alderdi politikorik eratzeko asmorik, horrek sistema patriarkalean sartzea eskatzen zuelako, baina gure iritzia aldatu eta borroka instituzioetatik bertatik egitea erabaki dugu». Hitz horiekin kontatu digu iritzi aldaketa.

Gizarte ezberdina, justua, bidezkoa, elkartasuna nagusi izango duena eta bortizkeria patriarkal eta neoliberaletatik libre izango dena eraiki nahi du alderdi feminista berriak. Eta lehentasunezko kontua izango da emakumearen gorputzaren inguruko erabakiak hartzeko eskubidea emakumeek beraiek izatea.

Gainera, Txileko alderdi berriaren bultzatzaileek emakumeek etxean egindako lana ordaintzea exijitzen dute. Eta seme-alabak eta aiton-amonak zaintzeko lana modu egokian banatzea. Ingurumena zaintzea eta, Txile izanda derrigorrezkoa, «kalitatezko hezkuntza ez-sexista eta doakoa» lortzea ere beraien helburuen artean ageri dira.

Rosa Moreno politologoak aurreratu duenez, azkenean alderdi politikoa eratzea lortzen badute, apirilaren 26an egingo den erreferendumean egungo Konstituzioa, Augusto Pinochet diktadorea agintean zela egindakoa, aldatzearen aldeko botoa eskatuko dute. Hurrengo hauteskundeetara aurkezteko asmoa ere adierazi dute.

Diktadura oso gogoan dute oraindik txiletarrek. Pinocheten indar armatuek oso gogor astindu zituzten beren interesen aurkako giza mugimendu guztiak, eta egungo poliziek eta soldaduek gauza bera egiten dute manifestariekin.

Joan den abenduaren 4an milaka emakume, gehienak garai batean gazteak izandakoak, errepresioaren ikur bihurtu zen Estadio Nazionalaren aurrean elkartu ziren “Bortxatzaile bat zure bidean” abestia kantatzeko. Une horretan pentsatu zuten Morenok eta beste feministek mugimendua politikan modu zuzenagoan sartzeko prest zegoela.

 

«Herrialde feminizida batean bizi gara»

Mexikoko makina bat hiritan milaka emakumek dantzatu dute “Bortxatzaile bat zure bidean” koreografia. Herrialde horretako feministek, gizon zein emakumeek, feminizidioen fenomeno ikaragarriari egin behar diote aurre. Txiletarrek sortutako pieza dantzatu ondoren, izena eman nahi ez zuen eta burua estalita zeraman neska gazte batek adierazi zuen beraiek urteak daramatzatela feminizidioen aurkako borrokan: «2019an, datu ofizialen arabera, milatik gora emakume erail zituzten Mexiko osoan. Gainera, duela gutxi emakume eta ume baten hilketek erabat hunkituta utzi zuten herrialdea. Kalera irteten ari gara Estatuari exijitzeko emakumeon giza eskubideak bermatzeko, herrialde feminizida batean bizi gara-eta. Izan ere, geure herrialdean gure gorputzek ez dute garrantzirik, baztertzeko modukoak dira». Matxismo instituzionalari ere aurre egin behar diote.