
Lemak ugari, eta eta manifestazioan parte hartu duen jendea ere anitza. Berriro ere, beste urte batez, Euskal Herriko Mugimendu feministak hiriak betetzerainoko indarra duela erakutsi du. Donostian, auzoetako kolektibo feministak mobilizatu dira eguerdiko 12.00etan, eta denek bat egin dute Bulebarrean.
Gipuzkoako gainontzeko herrietako emakumeak ere eguerdi partean mobilizatu dira, herri bakoitza bere egitarauarekin. Arratsaldean, berriz, Donostiara mugitu dira, arratsaldeko manifestazio nagusira. 18.00etan hasi da, Bulebarrean, eta leku berean amaitu, ordu eta erdi beranduago. “Antolatu indarrak, batu borroka feministara” pankarta nagusiaren atzean, milaka pertsonak eraman dute aldarri feminista Donostiako kaleetan zehar, eta aldarriak, mobilizatu diren pertsonak bezain anitzak izan dira: “Patriarkatu-kapitala aliantza kriminala”; “matxirulo, entzun, pin, pan, pun” eta, nola ez, “gora borroka feminista!”
Indarrez eta gogoz atera dira emakumeak manifestaziora. Argi geratu da, Mugimendu Feministak aurrez esan bezala, greba ez egitea ez dela izan ezein ahultasunen erakusgarri, estrategia aldaketa baizik. Eta estrategia honek berriro ere lortu du milaka emakumeren atxikimendua.
Sektore prekarizatuak
Aurtengoan, baina, Donostiako Martxoaren 8ak izan ditu protagonista berezi batzuk. Bulebarrean, manifestazioaren bukaeran, gaur 237. greba eguna zuten Gipuzkoako erresidentzietako langileek eta hezkuntza saileko langile azpikontratatuek hartu dute hitza, greban hauek ere. Aitziberrek, erresidentzietako langileak, esan du haien borroka «langileriarena» badela, baina batez ere «feminista». Eta esan duenez, ez dute borrokatzen soilik haien eskubideak hobetzeko, baizik zaintza sistema iraultzeko. «Gatazkaren muina zaintza sistema da», esan du, nabarmenduz horregatik luzatu dela bi urte haien borroka.
Mari Jose garbitzaileak, aldiz, bere egunerokoa nolakoa den azaldu du, lanean pairatzen duen prekarietatea agerian utziz. Berea, sektore «feminizatua» dela dio, eta nabarmendu bere sektorean kontratu gehienak partzialak direla, %80.
Mugimendu Feministako Flo Rodriguezek eta Carmen Albak, bestalde, eskerrak eman diete Bulebarrean bildutako emakume guztiei, eta manifestazioaren leloa errepikatu dute, eskatuz antolakuntza feministan parte hartzeko.
Bestalde, emakumeen bizigarritasun ezaren erantzuleak deritzenei zuzendu dira espreski, Lakuako Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari, kasurako. «Zuriketa morea» alde batera uzteko eskatu diete: «Zuek zarete gure miseriaren arduradunak».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

