Ane URKIRI
Donostia

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elikagai bankuek zerbitzua etengo dute datozen bi asteetan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eligaien bankuek beraien zerbitzua etengo dute datozen bi asteetan koronabirusa jendartean ez hedatzeko neurri gisa. Gipuzkoako bankuak astelehenean emango du ostiralez jasotako elikagai iragankorrak eta ondoren etengo du banaketa.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuko bolondresak elikagaiak jasotzen. (Andoni CANELLADA)
Gipuzkoako Elikagaien Bankuko bolondresak elikagaiak jasotzen. (Andoni CANELLADA)

EAEko hiru elikagai bankuek erabaki dute beraien zerbitzua etetea koronabirusa dela eta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «emergentziako» egoera dagoela komunikatu zuen ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak eta koronabirusaren hedatzea moteltzeko helburuetan, hainbat erakunde, ostalari eta enpresa zuhurtziazko neurriak hartzen hasi ziren.

Gipuzkoako elikagaien bankuko presidente Jose Manuel Pinedak NAIZi adierazi dion legez, tentuz jokatzea erabaki dute nahiz erabaki honek hainbat pertsonengan eragin zuzena eduki. Astelehenean egingo dute azken banaketa, ostiral eguerdian jaso zituzten elikagai iragankorrak galdu ez daitezen. Ondoren, martxoaren 30era arte gutxienez, zerbitzua etengo dute. Elikagaien bankuko ordezkariak ez dira joango jakien bila supermerkatu eta komertzio handietara eta hauek jakinaren gainean daudela argitu du Pinedak.

Bolondresak eta jubilatuak

«Azken orduetan presio handia sentitu dugu», onartu zuen Pinedak, alde guztietatik «alarma» zantzuak ikustean. Urkulluren adierazpena eta Gobernu espainoleko presidente Pedro Sanchezen mezuak gogoratu ditu. Gainera, ohartarazi du, boluntarioek osatzen dutela Gipuzkoako elikagaien bankuko sarea eta asko jubilatuak direla: «Arrisku taldean gaudela diote».

Hori batetik, eta zaintza konpromisoak bestetik –asko biloben zaintzaren ardura hartzen ari dira eskolak itxi ondotik–, hurrengo asteko egutegia moldatzea kostatzen ari zitzaien. «Boluntarioak gara, nahi dugulako egiten dugu, baina jendea ezin da leku guztietara iritsi», argitu du.

Eragin handia askorengan

Elikagaien bankuak hiru lanketa egiten ditu. Hasteko, elikagaiak jasotzen ditu saltoki handietan –herritarrek emandakoak edota soberan gelditzen direnak–; ondoren, hauek sailkatzen dituzte eta amaierako fasea izaten da eragile sozial edo asoziazioetan banatzea.

Ezinbestean, kate guztia etetean, familia asko geratuko dira beraientzat ezinbestekoa zen zerbitzurik gabe. Herritar askok bizirauten dute elikagaien bankutik hornitutako jakiekin. Gipuzkoan, zehazki, bertako presidenteak kalkulatzen du astean 1.500-2.000 familia inguru hornitzen dituztela. Hilabetean, 15.000 pertsona hurbiltzen dira elikagaiak banatzen dituzten zerbitzuetara.

«Ulertzen dugu jendeak behar duela zerbitzu hau bere egunerokoan bizirauteko», onartzen du Pinedak baina uste du hartu beharreko erabakia izan dela. Iragankorrak ez diren elikagai horiek beraien bilgunetan mantenduko dituzte eta aurreratu du, emergentziazko egoera hau bukatzean, bakoitzari elikagai gehiago ematen ahaleginduko direla, konpentsazio gisa.

Ez dute hitz egin egoera honek eragina izan dezakeen familia edo pertsonekin, beraiek asoziazioen bitartez banatzen baitituzte elikagaiak eta ez dute kontaktu zuzenik erabiltzaileekin, «baina imajinatzen dut eragin handia izango duela».

Azken bilketan, ohi baino elikagai gutxiago

Supermerkatuetan ere nabari da ezohiko egoera eta horren kontziente da Pineda. «Ostiral eguerdian jaso dugun elikagaien kopurua normalean jasotzen dugunaren erdia izan da», dio. Jendea gehiago erosten ari da, berarentzako propio, eta merkatalgune handietan jaki edo elikagai gutxiago geratzen ari dira soberan irabazi asmorik gabeko erakundeei emateko.