Idoia ERASO

Koronabirusik «gabeko» herriko bozak

Gobernuaren aginduz herriko etxeek ezarritako neurrietatik kanpo, ezer gutxi aldatu da Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetan. Bozkalekuetatik kanpoko ilaretan jendea lasai ageri da, osasun neurriak bete gabe. Partehartzea aurreko hitzorduko portzentaien antzekoa da eguerdi aldera, zenbait tokitan altuagoa da, eta prokurazioz egindako bozkak ere ohiko kopuruetan daude.

Sarako Lur Berri gelan ezarri dute bozka tokia lehen aldiz. (NAIZ)
Sarako Lur Berri gelan ezarri dute bozka tokia lehen aldiz. (NAIZ)

Lapurdi hegoaldean egindako itzuliak Bidasoaren bestaldetik begiratuta deigarriak diren irudiak utzi dizkigu. Segurtasun tartea errespetatzen ez duten ilarak, jende taldeak kalean jolasean, tabernak irekita eta aurkitzean elkarri musua ematen dioten jendeak (nahiz eta azken hauek oso gutxi diren). Hirietan jendea maskarekin bozkatzen erakusten dituzten argazkiak, oso urrun gelditzen dira hemengo errealitatetik.

Sarara heltzean, bozkatzeko puntako ordua da, jende andana metatzen da bere boza emateko. Herriko etxean egon ohi den bozkalekua Lur Berri gelara aldatu dute, agindutako segutasun neurriak betetzeko ez baita egokia udaletxea. Eguerdi aldera, beste urteetan ezagututako partehartzea dago, eta adineko jendea ohi bezala hurbildu da, ohi baino prokurazio gehiagorik gabe.

Gela handia da gaurko hautatu dena, eta barnean jendeak metro bateko segutasun tartea errespetatzen du. Baina ez dira denak bertan sartzen, beraz kanpoan egoera bestelakoa da, ohi bezala, jendea kalakan ari da, elkarrrengandik hurbil. Eskuak garbitzen dituzte sartzean gehienetan, erran behar gabe, aldiz ateratzean Battitt Laborde auzapezak oroitarazten die gehiengoari ondoan dagoen komunera joateko eskuak garbitzera, behin erranda gehienek egiten dute.

Kanpoan dagoen jendearekin hitz eginda, gehienek neurriekin ados daudela erraten dute, konbintzio gutxirekin, «bai, egin beharko zen» diote batzuk, «gauza batzuk ados, baina beste batzuk gehiegizkoak dira». Segurtasun tartea zergatik ez duten betetzen galdetuta, denek irrifarre batekin egin beharrekoa litzatekeela erraten dute. Handik kilometro gutxitara dagoen Nafarroan egoera bestelakoa da, baina urrun gelditzen da jendearen kontzientzian.

Bada bestela pentsatzen duen adineko jendea ere, 80 urteko gizon saratar batek beharrezko neurriak hartu dituztela defenditzen du sutsuki, «ez dut hil nahi» dio. Ipar Euskal Herria oso gutxi hunkitua izateko zantza duela baieztatu du, eta kasu eman behar dela gaineratzen du, inguruko jendearen begirada iheskorraren aitzinean. Betebehar zibikoagatik bozkatzera etorri dela gaineratu du. Handik gutxira, 80 urtetik gorako emakume bat oso haserre agertu da, hauteskundeak atxiki dituztelako, beldurra badu eta egin beharrekoa betetzeko hurbildu da bozkatzera, baina behartuta egin duela salatu du.

Atzo Gobernuak tabernak hesteko erran zuenez, erdigunea hutsa dago, okindegian jende pixka bat bada besterik ez. Aldiz bozkalekutik ateratzean 15 bat gazte eta haur futbolean jolasten ikus daitezke, familiak eta lagunak elkarrekin mintzatzen dituztela ondoan.

Donibane Lohizune

Distantzia atxikitzen duten ilarak ez dira errespetatzen bertan ere. %30eko partehartzea dago eguerdi aldera, han ere prokurazioen kopuruak ez du oraingoz gora egin. Ordutegia aldatu da oraingoan aldiz, normalean jendea meza eta gero etorri ohi baita, baina horren ezean lehenago hurbildu dira, puntako ordua aurreratuz.  

Sarreran dagoen likido hidroalkoholikoa denek erabiltzen dute hasieran, ateratzean aldiz gehienek ahanzten dute, eta oroitaraztean ezer ukitu ez dutela eta, ez egitea erabakitzen dutenak ere badira. Askok bozkatzeko beharrezkoa den boligrafoa etxetik ekarri dute, kontaktu hori sahiesteko, izan ere gaurkoan, identifikazio txartela erakutsi besterik ez da egin behar, mahaikideei eman beharrik gabe.

Karrikek hauteskundeen partehartzearen kopuruek eskeintzen dutenetik ideiatik bestelako irudi bat uzten dute, ia hutsak daude. Eguzki betea dago itsas ondoko hiri horretan, ostatuak hetsiak dira, eta paseatzera atera direnak ere ez dira anitz. Igande goiz batez beteta egon ohi den ibai ondoko parkea ere hutsa da.

Tabernak eta jatetxeak

Atzo, Edouard Philippek beharrezkoak ez diren produktuak saltzen ez dituzten komertzioak hesteko eman zuen agindua, ia denek bete dute, baina badira neurri berri hau betetzea ukatzen dutenak ere. Sarako bidean Azkaingo plazako ostatua irekita dagoela ikus daiteke. Kazetari gisa, taberna legez kanpo irekita dagoenaren berri emateko hurbildu eta, bertatik ateratako jende talde batek kexuka hartu du aipamena.

Saratik bueltan ostatuaren atea itxita dago, norbaitek gendarmeak deitu ditu, eta herrian zehar nire izena zabaldu da errudun gisa. Herria ez bide dago prest koronabirusari aurre egiteko ohiko usaiak aldatzeko, eta ondorioz tabernara joateari uzteko. Pandemia ez da oraindik Ipar Euskal Herriko herri txikietara heldu.

Azkainen jatetxea hetsi duen herriko beste ostalari batekin hitz eginda, neurriak denentzako berak direla nabarmendu du. Ez da haserre agertu plazako tabernaren jabeen jokabideekin, momentu batean norbaitek polizia deituko zuela argi zuela gaineratuta. Jendearen inkontzientzia ere aipagarri izan du, duela astebete ostatura hurbiltzen zaizkion bezeroen musuak behin eta berriz errefusatu behar izan dituela azaldu du.

Donibane Lohizuneko erdigunean, ostatuek ez dituzte bezeroak hartzen, eta terrazak bilduak dira, baina ateak erdi-irekita daude, azken orduko neurriei egokitzeko dena antolatu egin behar baita. Hala ere, badira bertan ere disidenteak, erdigunean ogitartekoak eta horrelakoak saltzen dituzten bi postu txikiak irekita jarraitzen dute, nahiz eta jende gutxi izan, eta gutxiago oraindik bezeroak.

Produktu freskoak ateratzen ari da udaletxe ondoko jatetxe bateko zerbitzaria. Bezperan berria nola hartu duten galdetuta, berak eta lankide guztiek ulertu zutela baieztatu du, soldatari lotutako kezkarik ote duen ere itaunduta, moldatuko direla onartu du.

Ondoko postuek irekita egoteari buruzko iritzia eskatu eta, «beraiek ikusiko dute, guk hetsi dugu».

Jatetxe eta tabernek bezala, norbanakoek bere kontzientziari segituta neurriak hartuko dituzten edo ez erabakitzen ari dira. Koronabirusa ia ez da Lapurdi aldean sentitu, eta osasun neurriek ekartzen dituen eragozpenak onartzeko zailtasunak ageri dira. Hego Euskal Herrian denen ahotan dagoen elkartasunaren inguruan galdetuta, horren zentzua oraindik barneratu beharra dagoela agerian gelditzen da.