Ane URKIRI

Zaintza sareak, antolatuta eta laguntza eskarien zain

Egoera zahurgarrian dauden horiei, koronabirusaren gaitzaren auzian arrisku taldekoak diren horiei edota haurren zainketa noren esku utzi ez dakiten horiei laguntza eta babesa eskaintzeko hamaika zaintza sare sortzen ari dira Euskal Herrian. Lehen egun hauetan, antolakuntza lanetan murgildu dira kideak eta datozen egunetan eskarien poltsa areagotuko delakoan daude. 

Erosketak egiten laguntzen dituzte sare hauek, esaterako. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Erosketak egiten laguntzen dituzte sare hauek, esaterako. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Ostiral arratsaldean zaintza sare herritarren lehen urratsak sumatzen ziren Euskal Herrian. Gasteiz, Zumaia, Azpeitia, Orio, Lemoa, Durango, Berriatua, Iruñea edota Bilbo osoko eragile ezberdinak sare-sozialen bitartez eman zuten hauen berri. Egoera zahurgarrian daudena horiei, koronabirusaren gaitzaren auzian arrisku taldekoak diren horiei edota haurren zainketa noren eskutan utzi ez dakiten horiei laguntza eta babesa eskaintzeko plataforma aunitz sortu dira, ezin guztiak artikulu batean barnebildu.

Hasierako horien berri izatean, Mutrikun larunbatean jarri ziren martxan. Herri mugimendu edo eragile sozialen arteko lankidetza sustatu, Udalarekin uztartu eta zapatuan egin zuten aurreneko bilera, segurtasun neurriak kontuan izanda. Eragile bakoitzetik, gehienez bi pertsona joan ahal izan ziren Beheko plazara. Asteartetik aurrera abiatuko dute zerbitzua, gehienbat adineko eta gaixotasunen bat duten horiei erosketa egiteko funtzioa edukiko du gehienbat, izan elikagaiak edo sendagaiak. Telefono zenbaki bat zabaldu dute baina bizilagun edo ezagunei zuzenean ea laguntzari behar duten galdetzea ere funtsezko ikusi dute Mutriku Zaindu plataformako kideek.

Gutxi gorabehera, zaintza sare hauen hasierako urratsak antzerakoak izaten ari dira, telefono eta emailak argitaratu dituzte, bolondres izan nahi duten horientzat edo laguntza behar duten horientzat.

Asteburuan forma eman diote ideiari eta «astelehen kaotikoa» gainditu dute, Gasteizko Batera zaintza plataformako Maialen Saezek azaldu duen legez. NAIZ Irratian egin dituen adierazpenetan nabarmendu du batez ere ezagun-bizilagunen arteko elkarlana sustatzen dutela; hau da, etxebizitza jakin bateko bolondresak bere portalean jakinarazi dezala, kartel baten bidez, laguntzeko prest dagoela.

Bolondresen erantzun ona

Donostiako Alde Zaharreko bizilagun hauek ostiral gauez elkartu ziren eta larunbatean kalera atera ziren. «Ikusten genuen zer zetorren eta uste dugu auzoak bata bestearen sare izan behar duela; elkartu eta auzoari zentzua eman behar zaio», dio Martak, sareko kideak. Kalez kale aritu ziren megafoniarekin, udaltzainak abisua eman zien arte, «zarata gehiegi ateratzeagatik». Egun, 40-45 bolondres inguruk eman dute izena, adin tarte ezberdinetakoak.

Espero baino bolondres gehiago animatu dira Gasteizko Batera zaintza sarera eta auzoka antolatzea erabaki dute. Iruñeko Arrotxapea auzoan, esaterako, 80 gazte daude laguntzeko prest. «Antolakuntza eta elkartasuna gainjartzea da gure hautua», adierazi du NAIZ Irratian Ion Arrietak.

Osasun etxe eta gizarte zerbitzuetako teknikariekin harremanetan jarri dira, lanak uztartu, hauen onespena izan eta jarraitu behar dituzten irizpideak kontuan hartzeko.

Segurtasun irizpideak

Izan ere, irizpide eta protokoloak garrantzitsuak dira osasun alarma egoera batean. Koronabirusaren hedapena moteltzea helburu den honetan, higiene eta segurtasun neurriak hartzea ezinbestekoa da.

«Ez dugu inor arriskuan jarri nahi», azpimarratu du Maialen Saezek, eta horregatik, barne-protokolo bat dute. Gasteizko Batera plataformakoak, hasteko, erosketak –elikagai, sendagai– egiteko zerbitzua antolatu dute baina badakite umeak zaintzeko eskaria ere egon daitekeela. Hala, irizpideak zehazten dabiltza eta esaterako, lau haur baino gutxiagoko multzotan antolatuko dituzte zaintzak. «Ezagunen haurrak izan beharko dira eta beti haur berdinak zaindu beharko ditu bolondres bakoitzak», gehitu du Saezek. 

Donostiako Alde Zaharreko zaintza sareak ere irizpide jakin batzuk ditu. Lehendabizi ziurtatzen da bolondresak inolako sintomarik ez duela. «Galdeketa bat egiten zaio; ea Covid19-arekin kutsatua dagoen norbaitekin kontaktua izan duen, sukarrik ba ote duen, eta abar», kontatzen du Martak, plataformako kideak. Honez gain, ezarri duten segurtasun distantzia errespetatzea, higiene neurriak, eskularru eta maskarillen erabilera ere bermatzen dutela ziurtatu du.