Haritz Larrañaga

Kezka laborarien artean frantziar Gobernuak merkatu irekiak debekatu ostean

Astelehen eguerditik aurrera merkatuak egiteko debekua ezarri zuen Parisko Gobernuak. Horren aurrean, nekazariak egoera larrian dira, eta merkatuak egiten uzteko deia luzatu diete agintariei. Estatu frantsesak saltoki handien alde egiten duela salatzen dute, eta ekoizpenen deslokalizazio politika bat defendatzen dute.

Donibane Lohizuneko merkatua astearte goizean. (Guillaume FAUVEAU)
Donibane Lohizuneko merkatua astearte goizean. (Guillaume FAUVEAU)

Edouard Phillipe lehen ministroak astebeteko konfinamenduaren bilana egiteko martxoaren 23an TF1 telebista katean egin zuen agerraldian neurrien gogortzea iragarri zuen, eta besteren artean, «merkatu irekien» debekua ezarri zuen.

Produktu freskoak eskuratzeko beste biderik ez duten herrixkak edo ekoizleek haien produktuak saltzeko beste biderik ez duten lekuetan salbuespenak egiteko aukera aipatu zuen ministroak, baina ez zuen zehaztapen handirik eman.

Merkatuen gaineko dekretu berria astearte eguerdian sartu zen indarrean eta kezka sortu zuen Ipar Euskal Herriko laborari eta nekazarien artean. «Prentsaren bitartez jakin dut lege berriak badirela, baina ez dut beste berririk, Hendaiako udalak ez digu oraindik deus jakinarazi», azaldu zuen goizean Biriatuko Patrick Larrondo baratze zainak.

Egunak aurrera egin ahala, ordea, udal desberdinek haien herrietan egin ohi diren merkatuak ixteko erabakia hartzen zutela jakinarazi zuten. Horrela, Angeluko Udalak ostegun eta igandetan egiten duten merkatua bertan behera geratuko zela iragarri zuen, eta, Fred Tarnche, Hendaiako Udaleko segurtasun arduradunak, asteazken eta larunbatetan Zokoburun eta Errepublika plazan egin ohi diren merkatuen etenaldia iragarri zuen prefekturarekin hitz egin ostean.

Lapurdiko hiriburuan ere beste hainbeste. Gascons, Marquisat, Polo eta erdiguneko merkatua irekita mantentzeko eskaerarik ez dutela egingo eman zuten aditzera, baina Errobi errekaren ondoan dagoen Les Halles merkatua irekitzeko eskaera, ordea, egingo duela argitu zuen. «Kilometro bateko erradioan 12.500 biztanle baititu eta uste dugu kontuan hartu behar direla bertako biztanleen elikadura beharrak», nabarmendu zuen Baionako Udalak. 

Lekuko ekoizleen, zein bertako mozkinak erosi nahi dituzten hiritarrek izan ditzaketen arazoen aurrean ere kezka agertu zuen herriko etxeak: «Baionarrek produktu lokalak erosten jarrai ahal dezaten irtenbide alternatiboak aztertzen ari gara».

Orain artean bezala, aurrerantzean ere ipar Euskal Herriko udalek Paueko Suprefeturari baimen berezia eskatu beharko diote merkatuak egin ahal izateko, baina baimenak lortzea geroz eta zailagoa izango dela dirudi.

Bezero gutxiago, baina arazorik ez

Iragan astean jada, zenbait herritako merkatuak bertan behera utzi zituzten, baina orokorrean, hartu beharreko neurriak errespetatuz, merkatu gehienak mantendu ziren. Zuberoan, Atharratze-Sorholüze eta Mauleko merkatuak bertan behera geratu ziren, Nafarroa Beherean ez zen aparteko arazorik izan, eta Lapurdin, Bokale, Hazparne, Ziburu eta Bidarteko merkatuak kendu zituzten. Donapaleu, Donibane Garazi, Ezpeleta, Kanbo, Azkaine, Senpere, Uztaritze, Baiona, Biarritz eta Hendaiako merkatuak ordea mantendu egin zituzten.

Larrondoren esanetan; «Hendaian arazorik gabe pasa ziren asteazkeneko eta larunbateko merkatuak. Neurriak bete behar ziren, noski, leku estalietan bezeroek zentzu batean sartu eta bestean irten behar zuten, ibilbidea errespetatuz, pertsonen arteko distantziak errespetatu, eta abar, baina orokorrean martxa onean egin ziren merkatuak».

Biriatuko laborariak «Gipuzkoako bezeroak eta bisitariak falta» zirela onartzen du. Hau da, «soilik bertako jendea urbildu zen merkatura», baina «oraindik ekonomia martxan» dela iritzi dio. Ordea, kezka handia agertzen du, izan ere «eskola, enpresa eta lantegietan saskiak saltzen dituztenek jada galera bat izan dute, leku horiek guztiak itxiak baitaude, beraz noiz arte iraun dezake ekonomiak martxan baldintza hauetan?», galdetzen du.

Saltegi handien aldeko neurriak

Aurreko astean deialdi bateratua egin zieten herriko etxeei Biharko Lurraren Elkarteak, Idokik, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta ELB sindikatuak. Prentsa ohar baten bitartez, «janaria saltzeko lekuak irekita atxiki ditzaten» eskatzen zieten auzapezei, nahiz eta «urgentziaz hartutako erabakiak direla» ulertzen duten.

Merkatu batzuk ireki izanak eztabaida piztu zuen sare sozialetan. Baionan, esaterako, larunbatean egin zen merkatua grabatu zuen mediku batek eta halako merkatuak egitearen kontra zegoela agertzeko argitaratu zuen bideoak zabalkunde handia izan zuen.

Hona hemen merkatu txikiak egitearen alde nekazariek aditzera eman dituzten zenbait argudio: «Alde batetik, ekoizpen freskoak proposatzen dituzten laborariak ez baitute produkzioa berantagorat uzten ahal (ostatu eta kantinen salbidea galdua dute jadanik batzuk). Bestalde, neurri sanitarioak errespetatuz gero, ez baita birusaren hedatzeko arrisku gehiago merkatuan supermerkatuan baino. Gainera, merkatuak, ekoizle saltegiak, hurbileko janari komertzioak, kontsumitzaile talde ttipiko banatze sistemak hainbat bide dira janari erostea dibersifikatzeko eta supermerkatuetako jendetza ttipitzeko, mementoan leku horietan jendea azkarki gurutzatzen baita eta tensio sozialak sortzen ere. Zirkuito desberdin horiek biziki baikorrak dira egungo egoera sanitarioaren parean».

Pisuzko argudioak izan arren, ordea, Gobernuak saltoki handien alde egiten duela kritikatzen zuten laborariek haien komunikatuan eta, koronabirusak sortu duen krisiaz harago, lekuko produktuak ekoiztu eta kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzen zituzten.

Ezkor baina udari begira

Artean, ahal duten moduan lanean jarraitzen dute nekazariek. Larrondok esaterako beste lankide bat du, baina elkar ez gurutzatzeko ordutegiak eta lanak egokitu dituzte. Negu zaila izan dute, ekaitzek kalte handiak eragin zituzten eta udan ateratzen diren barazkiak udaberrian landatzeari ekitearekin batera, ekaitzek eragindako kalteak konpontzen ere ari dira. 

Mugitzeko ere ez du arazorik izan orain artean Biriatuko nekazariak: «Lanbidez nekazaria naizela frogatzen duen agiri bat dut eta horrekin mugitu naiteke, baina Hondarribira ere joan behar dut lan egiten dudan hango hornitzaileekin egotera, eta ez naiz ziur ahal izango dudan».

Hortaz, lana badute, baina etorkizunari begira Larrondo «ezkor» agertzen da. Bere iritziz, «guzti hau pasatzen denean jendeak lehen bezala jarraituko du eta agintariek ere bai, ez dut uste agintariek lekuko produktuen salmenta eta deslokalizazioa sustatzeko politika eraginkorrik ezarriko dutenik».