naiz

«Osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan», protestak ostiralean lantokietan

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek, osasun krisiaren aurrean, «osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan», mobilizazioak deitu dituzte ostiralerako lantokietan. Langileei mobilizatzeko deia egin diete, geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak edo ekintza ezberdinak eginez.

Langile bat Martuteneko 27 poligonoan. (Jon URBE/FOKU)
Langile bat Martuteneko 27 poligonoan. (Jon URBE/FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRUk osatzen duten euskal gehiengo sindikalak ostiralerako mobilizazioak deitu ditu lan zentroetan, «osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan».

Koronabirusak sortutako osasun krisi honen baitan, sindikatuek azpimarratu egin dute «langileok osasuna arriskuan jartzen ari direla». Osasungintzan, zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzan, garbiketan, garraio publikoan, anbulantzietan, edo supermerkatuetan lanean ari diren pertsonak «osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe» ari direla nabarmendu dute.

Eta oinarrizko zerbitzu hauetan lan egiten ez duten langileak, berriz, lanera joatera behartuta daude. «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak beraien osasunaren gainetik jarri dituzte. Langile horien osasuna ere ez dago bermatuta», gehitu dute.

Era berean, lanpostu ugari ere «arriskuan» daudela azpimarratu dute. «Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten. Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute». Zentzu horretan kokatu dituzte «behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen hastea eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe, besteak beste». 2008ko krisiaren pare jarri dute: «Negoziaziorik gabeko ERTEak, patronalaren neurrira eginiko erabakiak eta lan baldintzen okertzea»

Hala, osasun krisi honen aurrean, «osasuna, enplegua eta lan baldintzak «ehen lerroan jartzea beharrezkoa» dela iritzi dute. Horretarako, Lakuari, Nafarroako Gobernuari, Confebaski eta CENi «oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezartzea, oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea eta enplegua eta lan baldintzak bermatzea» exijitu diete.

Bide horretan kokatu dituzte ostiraleko mobilizazioak. Langileei beraien lan zentroetan, «toki bakoitzean dituzten aukera eta medioak erabiliz», mobilizatzeko deia egin diete, geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak edo ekintza ezberdinak eginez.