NAIZ

Hauteskundeetako bi lehiakide, Covid-19ak jota Bokalen

Martxoaren 15ean herriko bozak egin ziren Ipar Euskal Herrian. Ordurako, Covid-19 birusaren zabalpena agerikoa bazen ere, frantses Gobernuak ez zuen atzeratu nahi izan lehen itzulia. Geroztik, hainbat kutsadura kasu azaldu dira zenbait tokitan. Bokaleko Herriko Etxea gogor astindu du gaixotasunak. Francis Gonzalez jarduneko auzapezaz gain, beste hamar bat zerrendakide eri daude. Marie-Ange Thebaud oposizioko hautagaia ere kutsatua dago.

Francis Gonzalez, Bokaleko auzapeza, zutik, Hiriburuko auzapez den Alain Iriartekin mintzatuz. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Francis Gonzalez, Bokaleko auzapeza, zutik, Hiriburuko auzapez den Alain Iriartekin mintzatuz. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Udal hauteskundeek soka luzea ekarriko dute frantziar Estatuan. Covid-19 birusaren zabalpena agerikoa izan arren, Emmanuel Macronen Gobernuak aurrera egin zuen lehenengo itzuliarekin. Orotara, 47 milioi herritar deituak izan ziren martxoaren 15ean botoa emateko.

Geroztik hainbat kutsadura kasu azaldu dira. Hautetsiak batzuetan, mahai-kideak bestetan. Berriki, Nicolas Sarkozyren ministroa izan zen Patrick Devedjian ere birusak jota hil da.

Bokaleko herriko etxean gogor astindu du gaixotasunak. Francis Gonzalez 70 urteko jarduneko auzapezaz gain, beste hamaika bat zerrendakide gaixorik daude.

Joan zen larunbatean eraman zuten Francis Gonzalez Baionako erietxera, arnasa hartzeko arazoak zituelako. Bere egoera egonkorra bada ere, bizpahiru astez hospitalean egon beharko du.

Bi aste lehenago Jean-Pierre Cazaux alkateordea sartu zen erietxeko erreanimazio zerbitzuetan. Marie-Jose Roques lehen auzapez ordea etxera itzuli zen iragan asteburuan, «oso nekatua oraindik», erietxetik igaro ondoren.

Orotara, dozena bat zerrendakide kutsatu dira, baita Marie-Ange Thebaud lehen alkateorde ohia. Thebaud alkatearen zerrendaren aurka lehiatu zen martxoak 15ean, baita bigarren itzulira igarotzeko behar adina boto lortu ere, nahiz eta gaur gaurkoz inork ez dakien noiz egingo den.

Hirugarren heldu zen Thebaud bozen %26,71 lortuta. Gonzalezek botoen %41,09 eskuratu zuen.

Edonola, oso urruti geratu da duela bi aste besterik jazo ez zen emaitza hori. Are gehiago, Bokaleko udal gehiengo ezkertiarraren baitan sorturiko haustura mingarria ere.

Osasun arazoek berdindu egin dituzte bai auzapeza baita bere tokia hartzeko xedez bozetara aurkeztu zen aitzineko laguntzailea. Denak daude zerrenda berean.

France3 telebistaren kameren aurrean oso hunkituta azaldu da, finean, Marie-Josée Espiaube Bokaleko alkate ohi eta eskarmentu handiko militante komunista. Lapurdiko hiriburuaren mugan dagoen herrian «albisteak kezka handia piztu duela» nabarmendu du.