Naiz

Maier Kooperatibak egunean 1.600 babesteko bisera egingo ditu

Maker ekimenaren bitartez norbanakoak 3D inprimagailuarekin biserak egiten hasi ziren. Ondoren, Gurutzetako ospitaleak eskatuta, Maierrek eredua jarraitzea erabaki du eta biserak eusteko piezak egiten hasi da. WalterPark enpresak, berriz, plastikozko pantailak egingo ditu eta Karmelo garraio enpresak behar den lekura eramango ditu.

Autoetarako elementuak egiten dituen Maier kooperatiba bizkaitarreko langileak koronabirusaren aurrean babesteko biserak egiten hasi dira, boluntario gisa. Egunean 1.600 pieza ekoiztuko dituztela iragarri dute.

Era berean, sareetan zabaldutako bideo baten bidez azaldu dutenez, bost egunetan egin dute diseinua eta jada martxan daude lanean. Egunean hiru txandatan arituko dira langileak osasun krisiak irauten duen bitartean euren aletxoa jartzeko. Maierrek biserak eusteko pieza egiten du eta plastikozko pantailak WalterPack enpresak sortuko ditu.

Proiektu solidario hau Maier eta Maker ekimenaren arteko elkarlanaren fruitua da. Hasiera batean hainbat boluntario euren kabuz 3D inprimagailuekin bisera-pantailak egiten hasi ziren, eta ekoizpen hori posiblea dela ikusirik, Gurutzetako ospitalea Maierrekin harremanetan jarri zen ea enpresak laguntzerik zuen galdetuz.

Hala, Ajangizen dagoen kooperatibak onartu egin zuen eta langile talde bat ezohiko produktu hori sortzen jarri du gaur bertan. Sortzen dituzten biserak Osakidetzari emango dizkiote. Ospitaletara eramateko Karmelo garraio enpresak ere laguntza eskaini du, eta honek agintzen duten lekura eramango ditu borondatez.

Bideoan bertso bat ere botatzen du langile batek, eta bertan osasun-langileak eta garbitzaileak ditu gogoan, egiten ari diren lan handiari aitortza eginez.