naiz

Nazioarteko beste 30 ordezkarik bat egin dute Aberri Egunerako Baterak egindako deialdiarekin

Politika arloko nazioarteko beste 30 pertsona esanguratsuk bat egin dute biharko Aberri Egunerako Euskal Herria Baterak egin duen deialdiarekin. Tartean Carles Puigdemont, Kataluniako presidente ohia, edo Michele O’Neill, Sinn Féinn alderdi irlandar errepublikazaleko lehendakariordea, batu dira.

Carles Puigdemonten elkartasun mezua aberri egunaren harira. (Euskal Herria Batera)
Carles Puigdemonten elkartasun mezua aberri egunaren harira. (Euskal Herria Batera)

Atzo, besteak beste, Gerry Adams, Sinn Féineko lider historikoak, Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak, Marcel Mauri Ómnium Culturaleko bozeramaileak edo Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko kideak babesa eman bazioten Aberri Egunerako Euskal Herria Baterak egindako deialdiari, gaur nazioarteko beste 30 izen ezagunek helarazi dute haien babesa.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Michele O’Neill Sinn Féinn alderdi irlandar errepublikazaleko lehendakariordeak Aberri Eguna «elkartasunean» ospatzeko desioa azaldu dute.

Haiekin batera, Irlanda, Herrialde Katalanak, Galiza, Gales, Flandria, Sahara, Latinoamerika edo Italiatik iritsi dira elkartasun mezuak.

Euskal Herria Batera ekimenak aurreko asteburuan egin zuen aurten Aberri Eguna batera ospatzeko deialdia, hildakoen senideei dolua adierazteko eta koronabirusari aurre egiten ari zaienekiko harrotasunez eta eskertzaz. Alderdi, eragile sozial eta sindikatu ugariren babesa jaso du ekimenak. Herritarren aldetik ere babes zabala ari da jasotzen sare sozialetan argazkiak elkarbatuz eta www.aberrieguna2020.eus webguneko mosaikoan argazkiak igoz.