Beñat ZALDUA
DONOSTIA

Milaka lagun lanera gaur Hego Euskal Herrian, 11.808 kasu aktiborekin

Lan eremuko neurri gogorrenak arinduta, langile askok bueltatu behar dute gaur lanera, koronabirusaren kurbak erabat apalduta egon ez arren. Erabakiak zalantzak sortu ditu hainbat eremutan, baina bi aste igaro beharko dira benetako eragina zein den jakiteko.

Irungo topoaren geltokian, maskarak banatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Irungo topoaren geltokian, maskarak banatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Estatu espainola eta Austria bihurtu dira aste honetan konfinamenduaren baldintzetako batzuk kentzen lehenak Europa mailan. Madrilen ziurtatzen dute ezetz, ez dela «deseskalatze» bat, eta konfinamenduak bere horretan jarraitzen duela. Etxean daudenentzat horrela da, baina ezin ukatu atzo arte indarrean zeuden debeku batzuk kendu direla, jarduera ekonomikora mugatzen badira ere. Aldez edo moldez, azken bi asteetan etxean egon diren milaka lagun aterako dira gaur Hego Euskal Herrian kalera eta lanera.

Dena dela, neurrien lehenengo malgutze hau oso modu desberdinean iritsi da Austriara eta Hego Euskal Herrira. Europa erdialdeko herrialdean saltoki txikiak irekita daude berriz, hilabeteko itxialdiaren ostean. Horietan sartzeko, ordea, maskara jantzita eramatea –etxean egina izan daiteke– derrigorrezkoa da, 25 euroko isuna jasotzeko mehatxupean. Ezin da ahaztu, gainera, Austrian 1.000 kasu soilik zituztenean ezarri zutela konfinamendu osoa, eta horrek erraztu egin duela epidemia kontrolatzea –Estatu espainolean 6.000tik gora ziren–. Han 368 hildako izan dira, 8,8 milioi biztanleren artean. Soilik Hego Euskal Herrian, 1.070 dira jada.

Bi asteka zenbatu beharra

Datu orokorrak gordinak diren arren, atzoko parteak berri onak utzi zituen. 369 kasu berri eta 34 hildako, azken 18 egunetako zifra apalenak. Ez da gutxi. Bidasotik gora, Pirinio Atlantikoetako departamenduko ospitaleetan azken 24 orduetan izandako bi heriotzaren berri eman zuen Gobernu frantsesak, baina ezin da jakin horietakoren bat euskal herritarra zen ala ez.

Datuak begiratzean, ordea, bi gauza hartu behar dira beti kontuan; batetik, ez direla uneko errealitatearen isla fidela –kasu asko eta heriotza batzuk zenbatu gabe geratzen dira–, eta, bigarrenik, izatekotan duela aste batzuetako argazkia direla. Alegia, azken bi asteetan detektatutako kasuak aurreko hamabostaldian kutsatutakoak direla, orokorrean –martxo bukaeran, konfinamendu partzialarekin–. Alde horretatik, logikak dio hurrengo bi asteetan konfinamendu osoaren emaitzak ikusi eta egoerak hobera egin beharko lukeela. Era berean, jarduera ekonomiko ugari gaur berriz martxan jartzearen ondorioak ez ditugu ezagutuko hemendik bi aste ingurura arte. Antzua dirudi ordura arte espekulazioetan ibiltzea.

Dudak izatea, ordea, zentzuzkoa da, antzeko egoera batean Italiak ezinbestekoak ez diren jarduerak itxita mantendu dituela kontuan izanda; are gehiago, epidemiologo ugarik ere zalantzak agertu dituztenean. Arlo politikoan, Euskal Herrian, EH Bildu kritiko agertu zen atzo. «Ziurta dezakezue langileen osasuna bermatua dagoela?», galdetu zuen Arnaldo Otegik. Estatuan, berriz, Gobernuan dagoen Podemoseko ahots batzuek jarri dute erabakia zalantzan.

OMEren irizpideak

Bestetik, Osasunaren Mundu Erakundeak gaur plazaratuko du konfinamendutik ateratzeko gida bat. Atzo aurreratu zituen irizpideak: transmisioa kontrolatuta egotea; testak egiteko eta kasuak isolatzeko ahalmena; zaharren egoitzetan eta osasun zentroetan neurriak hartu izana; lan eremuetan prebentzioa martxan jartzea; inportatutako kasuen kontrola; eta gizartearen konpromisoa.