naiz

Gernika-Lumok astelehenean irekiko du berriro merkatua

Hilaren 20an irekiko du Gernika-Lumok asteroko nekazaritza merkatua, alarma egoera ezarritakoan itxita egon ostean. Postu gutxiago izango dira eta segurtasun neurri «zorrotzak», ohartarazi dutenez.

Saltzaile bat bere postuan, Ordiziako azokan. (Jon URBE/FOKU)
Saltzaile bat bere postuan, Ordiziako azokan. (Jon URBE/FOKU)

Gernika-Lumo hiribilduko merkatu plaza datorren astelehenean, hilaren 20an, irekiko da berriro, Covid-19 gaitzaren kutsatzeak saihesteko beharrezko neurriak hartuta.

Nekazaritza postuak murriztu dituzte, lehenengo egunetan Busturialdeko eta inguruko eskualdeetako 15 baserritar baino ez baitira egongo, gainontzekoei postua jartzea debekatu baitiete.

Bestalde, gehienez ere 50 lagun egon ahal izango dira plazan, eta San Roke kaletik baino ezingo da sartu bertara. Udaltzainek kontrolatuko dute sarbide hori, segurtasun-tarteak bete daitezen.

Horrez gain, jakinarazi dute 65 urtetik gorako saltzaileak ezin izango direla merkatura bertaratu, arrisku taldeko pertsonak direlako.

Segurtasun distantzia

Ekoizleei ere ezarri dizkiete zenbait baldintza: postu bakoitzean saltzaile bakarra egongo da, derrigorrez erabili beharko dituzte eskularruak eta maskara eta gutxienez bi metroko distantzia mantendu beharko dute erosleekin, eta lau metrokoa saltzaileen artean. Hori bermatzeko, zinta batzuk jarriko dituzte lurrean, eremua seinaleztatzeko.

Elikagaiak, gainera, ezingo dira erakusmahaietan erakutsi, eta erosketa bakoitzaren ostean eskuak garbitu eta desinfektatu beharko dira.

Merkatu plazaren ordutegia, bestalde, goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu batera izango da.