Maite Ubiria

Ikastetxeak maiatzaren 11tik aitzin irekitzeko egitasmoa baztertzea galdegin du FSU sindikatuak

Covid19 birusak eragindako pandemiaren aurkako estrategia norabidetzen duen Batzorde Zientifikoak ikastetxeen itxiera iraila arte luzatzeko gomendioa eman zion Emmanuel Macron presidenteari. Irizpide horri bizkarra emanez frantses presidenteak maiatzaren 11tik aurrera eskolak berriz irekitzeko egitasmoa aurkeztu izana salatu du FSU sindikatuak.

Batzorde Zientifikoak eskola antolaketa guztiz irauliko lituzketen baldintzak ezarri ditu. (Aurore LUCAS)
Batzorde Zientifikoak eskola antolaketa guztiz irauliko lituzketen baldintzak ezarri ditu. (Aurore LUCAS)

Iragan asteburuan, Batzorde Zientifikoak idatzitako azkeneko txostenaren mamia plazaratu zen. Txostenak hautsak harrotu ditu, batez ere hezkuntza alorrean.

Covid19 birusak eragindako pandemiaren aurkako estrategia norabidetzen duen batzorde zientifikoak Emmanuel Macron presidenteari ikastetxeen itxiera iraila arte luzatzeko gomendioa eman ziola jakinarazi du txosten horren bidez.

Batzordearen esanetan, klase presentzialak maiatzaren 11tik aurrera berriz abiatzeko Macronek apirilak 13an iragarri zuen egitasmoa «erabaki politikoa da», ez ordea irizpide zientifikoetan oinarrituriko hautua.

Alta, Macronek lehenik eta, horren ondotik, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ere maiatzaren 11tik aurrera, era progresiboan, eta mailaka, kurtso presentzialak berrabiarazteko proposamena defendatu zuten. Hain zuzen ere, hiru astez luzatuko zen prozedura iragarri zuten, haurtzaindegi eta lizeo arteko ikasleen buelta «progresiboa eta segurtasun baldintzapean» bermatzeko.

Epeak ezin dira bete

FSU Hezkuntza alorreko sindikatuko Pirinio Atlantikoetako federazioak agiria zabaldu du gaur. Idatzi horretan, aipaturiko sindikatuak gogor kritikatu du frantziar Gobernuak eginiko hautua.

Batzorde Zientifikoak emandako bi aholku gogoan izan ditu sindikatuak. Macronen aholkulari zientifikoek, lehen txosten batean, klase presentzial guztiak iraila arte gibelatzeko gomendioa eman zutela gogora ekarri du sindikatuak. Horren ondotik, klaseak ikastetxeetan berriz ere abiatzeari begira, batzordeko kideek «gobernuak emandako epeetan bete ezinak diren oso baldintza zorrotzak ezarri zituztela» oroitarazi du sindikatuak.

«Presidenteak, aldebakartasunez eta agintekeria handia erakutsiz, zehaztu zuen maiatzaren 11ko data oso goiztiarra da eta osasun protokolo baten faltan egitasmo horrek larritasun egoera handia sortu du irakaskuntzako profesional zein familiengan», salatu du FSUk.

Sindikatuak eskaera zehatza egin dio Hezkuntza Ministerioari lehenbailehen «protokolo zehatz bat aurkeztu dezan» handik aurrera «elkarlana abian jarriz ikastetxeekin». Hori izan ezean, FSUk ezinezkotzat jotzen du Parisek iragarritako eskola itzulia.

Edonola ere, sindikatuak maiatzaren 11ko data «berehala baztertzeko» eskatu du, «ikasleak, irakasleak eta orohar gizartearen mesedetan» hartu daitekeen erabaki onena delakoan.