Haritz larrañaga

Koronabirusa zuten 10 gaixo hil dira Baionako ospitalean osasun krisia hasi zeneteik

Hervé Jonathan suprefetak eskainitako datuen arabera, 10 gaixo hil dira martxoa hasieratik Baionako ospitalean. 127 kasu artatu dituzte eta egun 53 gaixo daude Baionako ospitaleko geletan, horietatik 3 erreanimazio unitatean dira. Paueko ospitalean hil diren 13 gaixoetatik, gutxienez bi, zuberotarrak dira. Datu zehatzak eskuratzeko zailtasunak.

Krisi sanitarioaren hasieratik, orotara, 127 paziente artatu dituzte Baionako ospitalean. ©Guillaume Fauveau
Krisi sanitarioaren hasieratik, orotara, 127 paziente artatu dituzte Baionako ospitalean. ©Guillaume Fauveau

Hervé Jonathan suprefetak apirilaren 27an Baionako ospitalera egin zuen bisita batean aditzera eman zuenez, osasun krisia hasi zenetik 10 pertsona zendu dira Covid-19 birusaren ondorioz Baionako ospitalean. Horietatik gutxienez bi Landetako hiritarrak ziren, baina gehiago izan daitezke, apirilaren bian Eric Spitz prefetak argitu zuenez, Baionako ospitalean diren gaixoen %30 Landetakoak baitira. 

Suprefetak eskaini zuen beste datu berria gaixoen kopuruak izan duen beherakada da. Une batean erreanimazio zerbitzuetan dauden 20 oheak hartuak izan ziren, baina egun soilik hiru gaixo aurkitzen dira eremu horretan.

Martxoko lehen astetik gaur arte 127 kasu artatu dituzte Baionako ospitalean. Horietatik 74 sendatu ostean etxera itzuli dira. Horien artea ziren, esaterako, Grand-Est eskualdetik ekarri zituzten zazpi gaixoak. Beste 53k, ordea, egun oraindik Baionako ospitalean jarraitzen dute. 

Zuberoako biztanleak Paueko ospitalean dira, eta orain artean jaso diren datuen arabera, Bearnon hil diren 13 gaixoen artean, gutxienez bi zuberotar aurkitzen dira. 

Datu zehatzak eskuratzeko zailtasuna

Akitania Berriko Osasun Agentziak eskaintzen ditu osasun krisiaren inguruko datu ofizialak, eta soilik Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuak argitaratzen ditu, datuen inguruko zehaztasunik eman gabe. Horregatik, ezinezkoa da Ipar Euskal Herriko datu zehatzik lortzea. Hau da, Baionako eta Paueko ospitaleko datuak, guztiak elkarrekin argitaratzen dira. Baionako ospitalean diren gaixoen artean bertakoak zeintzuk diren eta Landetatik etorritakoak zeintzuk diren ez dago jakiterik, eta Pauen berdin, ez dago gaixoen artean zuberotarrak zeintzuk diren jakiteko modurik.

Hervé Jonathan suprefetak astelehenean Baionako ospitalera egin zuen bisitan  eman zituen datuak ezohikoak dira, izan ere Akitania Berriko Osasun Agentziak datuak tantaka eta zehaztasunik gabe eskaintzeko politikarekin jarraitzen baitu.