NAIZ

Ez dago koronabirusarekin kutsatutako presorik Hego Euskal Herriko lau espetxeetan

Alarma egoera iragarri baino egun batzuk lehenago jakinarazi zen Zaballako espetxean preso batek koronabirusa zuela. Hura sendatuta, ez dago kutsaturik Hego Euskal Herriko espetxeetan, Estatu espainoleko Espetxeetako Erakundearen arabera. Orotara, 52 preso daude Covid-19 gaitzarekin gaixotuta; 10 kartzelatan banatzen dira guztiak.

Zaballako espetxea. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Zaballako espetxea. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Estatu espainoleko presondegien %85ean ez dago koronabirus kasurik, Espetxeetako Erakundeak helarazi dituen datuen arabera. Estatistika hau apirilaren 27ra arteko datuekin osatu da. Honela, jada ez dago kutsaturik Hego Euskal Herriko kartzeletan.

Zaballako espetxean antzeman zen lehen preso kutsatuaren kasua, martxoaren 10ean. Erakunde espainolak ziurtatu du hau jada sendatuta, ez dagoela Covid-19 zantzurik Hego Euskal Herrian dauden lau kartzeletan.

Presoak harreman zuzena izan zuen Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko gelak zaintzen zituzten ertzainekin, preso hau beste batekin baitzegoen ospitalean.

Jada bi presoak kartzelara itzulita zeudenean, ertzain batek positibo eman zuen. Horregatik, bi preso hauek isolatzea erabaki zuten. Bat ondoezik sentitzen hasi zen eta ospitalera eraman zuten. Aurretik patologia batzuk zituen eta ospitaleratzea komeni zen.

Hamar kartzelatan 52 preso kutsatu

Orotara, 52 preso daude Covid-19 gaitzak jota eta hauek 10 espetxetan banatzen dira. Zenbaki potoloenak dituzten kartzelak hiru dira: Madrid VII (Estremera), 26 kasurekin; Madrid V (Soto del Real), 13 kasu eta Herrera de la Mancha (Ciudad Real), 5 kasurekin. 

Asteazken honetan argitaratu den azterlanean nabarmendu dute kartzelen %85ak ez duela kasu positiborik egun. Horrek esan nahi du 1.000 pertsonatik 1,08ko eragin-tasa dagoela, gutxi gorabehera.

Biztanleria orokorrarekin ere alderatu nahi izan dituzte datuok, espetxe barneko egoera eta kanpokoak zerikusik ez badute ere. Estatu espainoleko biztanlerian eragin-tasa laukoiztu egiten da, 1.000 biztanleko 4,3 kasu izatera iritsi arte.

Kontuan hartu behar da, Gobernu espainoleko presidente Pedro Sanchezek alarma egoera iragarri bezain pronto espetxeak erabat isolatuta geratu zirela. Ordutik, ez dute kanpoko bisitarik jaso.

Heriotzei dagokienez, kartzeletan preso egondako bi pertsonaren heriotza zenbatu da. Datu hauen arabera, beraz, espetxeetan, koronabirusak eragindako heriotza-tasa 0,04 da 1.000 pertsonako; biztanleria orokorrean baino hamar aldiz txikiagoa (0,48 1.000 biztanleko).

Estatu espainolean 50.000 preso inguru daude 72 espetxetan banatuta.

Babes-neurriak

Espetxeetako Erakundeak jakinarazi du Iberdrola enpresak kontratatutako 5 medikuren bitartez «sendotu» dutela kartzeletako osasun arloa.

Astearte honetan beste sei bitarteko fakultatibo sartu ziren Daroca, La Moraleja, Murtzia II, Ocaña I, Puerto II eta Valentziako espetxeetan. Aurreikuspenen arabera, hilabete pasatxo barru sartuko dira martxoaren 25ean argitaratutako hautaketa-prozesuko 40 osasun-langileak.

Etxeraten salaketa

Etxerat Elkarteak salatu zuen, ordea, ez dela hartu oinarrizko neurririk kartzeletan eta ez zaiela beharrezko erantzuna eman arrisku taldekoak diren presoei –patologiaren bat dutenak edo 65 urtetik gorakoak–.

Euskal presoen senideen elkarteak ohartarazi zuen gainera presoei ez zaiela banatu ez eskularru ezta maskararik ere, eta dela aplikatu prebentzio neurririk.

Estatu espainoleko espetxeetako Administrazioak, aldiz, jakinarazi du 325.500 maskara kirurgiko, 68.100 FFP2 maskara, 2.000 FFP3 maskara, 10.000 bata edo buzo, 104.000 eskularru eta 12.800 gel hidroalkoholiko banatu direla Estatuko 72 espetxeetan.

Honen arabera, Administrazio Orokorraren mendeko diren ia espetxe guztiak desinfektatu dituzte Larrialdietako Unitate Militarrak (UME) eta Armadako beste kide batzuek.