NAIZ
DONOSTIA

Kilimak taldea, Gaztea Maketa Lehiaketaren finalean

Gaztea Irratiko entzuleek hala bozkatuta, Kilimak musika taldea zuzenean sailkatu da Gaztea Maketa Lehiaketaren finalerako. Epaimahaiak datorren astean iragarriko ditu beste hiru talde edo bakarlariak.

Kilimak talde gipuzkoarrak irabazi du zuzeneko txartela finalerako. (Gaztea Irratia)
Kilimak talde gipuzkoarrak irabazi du zuzeneko txartela finalerako. (Gaztea Irratia)

Kilimak talde gipuzkoarra izan da nagusi IXXX. Maketa Lehiaketaren Entzulearen GazteBizHitza Saria erabakitzeko bozketan, 2.857 boto lortuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, sariaren 2.500 euroez gain, final handian parte hartzeko txartela irabazi ditu musika taldeak, epaimahaiak datorren astean iragarriko dituen beste hiru talde edo bakarlarirekin batera.

Bigarren geratu da Lamiak (2.430 boto) eta hirugarren Deñe bakarlaria (2.055). «Azken unera arte pil-pilean egon da lehen bi sailkatuen arteko bozketa», baieztatu dutenez.

Gaztea Maketa Lehiaketaren bozketa fasea abian zen, eta horrenbestez, epaimahaiak hautatutako 20 proposamenen artean bozkatzeko aukera izan dute entzuleek, apirilaren 28ra bitarte. Entzuleen esku utzi dute erabakia eta hauxe izan da gainontzeko talde zein bakarlarien sailakapena: 4. Supercremalleras, 5. Pleura, 6. Okher, 7. Ibil Bedi, 8. Mila Modu, 9. Marban 10. Jarel Babel,11. Kohatu,12. 4 Villains, 13. Petra, 14. Ellas, 15. Klermoon, 16. Lemy River, 17. Raitx, 18. Foehn eta 19. Hoax Attack.

Faboritoa aukeratzeko epea itxita, 10.000 boto baino gehiago jaso dira eta Maketa Lehiaketaren webguneak 20.000 erabiltzaile bakar izan ditu.

Epaimahaiak datorren astean emango du final handira sailkatu diren beste hiru talde edo bakarlarien berri. Koronabirusak eragindako krisia dela-eta finala atzeratu den arren, laster emango dute horren inguruko informazio gehiago.

Kontzertua Kafe Antzokian

Aurtengo parte hartzeari buruz, «edizio oparoa, anitza eta musikalki bikaina» izan dela esan du Xabier Doncel kazetari eta epaimahaiko kideak; Izaro Andres eta Xabier Bandini kantariak dira beste bi epaimahaikideak. «Lehen galbahea igaro duten talde guztiak finalista duinak lirateke. Hori bai, lau finalista baino ez dira izango Kafe Antzokiko kontzertuan», gaineratu du Doncelek.