Iker BIZKARGUENAGA
BILBO

Kutsatuen kopuruak goranzko joera hartu du berriro aste honetan

Martxoaren bukaeran zenbatutako kopuruetara hurbildu gabe, noski, bukatzear dagoen aste honetan positibo kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian, aurreko asteetako joera apurtuz. Igoera nabarmentzeko modukoa izan da EAEn eta ikusi beharko da zer bilakaera duen.

Iragan asteetan koronabirusarekin lotutako ia parametro guztiek hobera egin dute, eta azken egunetan nabarmentzekoa da hildako lagunen kopuruak eta ospitaleetan artatutakoenak behera egin dutela nabarmen. Gainera, gaurtik aurrera, itxialdia abiatu zenetik lehenengo aldiz, kirola egiteko edo besterik gabe paseoan ibiltzeko aukera izango dugu, eta, oro har, unerik zailenak igaro ditugun sentipena orokorra da. Eta logikoa ere bai.

Baina adituek hasiera-hasieratik esan dute gaixotasun honekin kontu handiarekin ibili behar dugula, eta ildo horretan aipatzekoa da Covid-19ak kutsatutakoen kopuruak aste honetan izan duen bilakaera. Izan ere, bai PCR probak kontuan hartuta, zein test azkarrei begiratuta, positibo kopuruak gora egin du, nahiko neurri handian.

Gorakada hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan da batez ere, Nafarroan askoz joera orekatuagoa izan baita, nahiz eta kasu honetan ere gorantz begira. Baina zerikusirik ez Hego Euskal Herriko beste hiru herrialdeetan jazotakoarekin.

Izan ere, PCR probak bakarrik kontuan hartuta –pertsona bat une horretan kutsatuta ote dagoen zehazten duten probak dira– astelehenean 58 positibo berri zenbatu zituen Osakidetzak, eta asteartean pixka bat behera egin zuen arren, 51ra kasuraino, hurrengo egunetan emandako datuetan gora egin du, egunetik egunera. Horrela, asteazkenean 55 positibo izan ziren, ostegunean 82 eta atzo 123. Salto handia, bikoitza baino gehiago bost egunetako aste baten bueltan.

Aldea handiagoa da test azkarrei begiratuz gero. EAEn astelehenean 98 testek eman zuten emaitza positiboa, eta atzo 481 testek. Baina egia da astelehena kenduta gainontzeko egunetan laurehun positibotik gora izan direla egunero. Birusari aurre egiteko sortutako antigorputzak neurtzen dituzte test hauek, eta, beraz, emaitza positiboa emateak ez du esan nahi inor kutsatuta dagoenik, aurretik kutsatuta egon den seinale izan daiteke.

Gainera, pertsona batzuei bi probak egiten zaizkie, PCRak eta test azkarrak, horregatik argigarriagoa da bi test motak kontuan hartuta Osakidetzak egunero ematen duen kasu positiboen kopuruak begiratzea. Alde horretatik, hurrenez hurren hauek izan dira astelehenetik ostiralera izandako emaitzak: 97, 392, 334, 381 eta 450. Oro har, goranzko joera nabarmena izan dela baiezta daiteke.

Test kopurua handiagoa edo txikiagoa izateak eragina izan dezake, baina horrela balitz ere, ez luke hain alde handia azalduko. Adibidez, asteleheneko txostenean hiru mila PCR egin zirela aipatzen zen, eta atzokoan bost mila, %66 gehiago. Baina positiboak %100etik gora hazi ziren. Eta asteazkeneko datuetan ere bost mila PCR proba azaltzen ziren, baina positiboak 55 baino ez ziren izan. Beraz, test kopuru berdinarekin kutsatuen kopurua erdia izan zen orduan.

PCRak bakarrik kontuan hartuta duela hilabete zegoen positibo kopuruetatik urrun gaude oraindik, baina ikusi beharko da ea hurrengo egunetan goranzko joera horrek jarraitzen duen.

Nafarroan, esan bezala, igoera leunagoa izan da, batez ere PCR probei dagokienez: 21 positibo izan ziren astelehenean eta 33 atzo, baina tartean 26, 35 eta berriro 21 zenbatu dira.

Albiste onak ospitaleetan

Ziurrenik hurrengo astean jakingo dugu jazotakoa kezkatzeko gauza den edo estatistikak emandako sustoa baino ez den. Bitartean, ospitaleetatik albiste onak jasotzen jarraitzen dugu.

Hego Euskal Herriko zentroetan ospitaleratuta dauden gaixoen kopuruak beherantz egin zuen atzo, 26 lagun gutxiago, hain zuzen. Gauza berdina esan daiteke zaintza berezietan dauden gaixoen inguruan, berriro ere aurreko egunean baino gutxiago egon baitira azken txostenetan. Lau pertsona gutxiago, hain zuzen, eta pixkanaka ZIUen egoera baretzen ari da.

Hildakoak 23 izan ziren, ostegunean baino bi gutxiago. Kasu honetan ere beheranzko joera ikusten da, baina dagoeneko 1.782 dira koronabirusak hil dituen euskal herritarrak.