Amaia ZURUTUZA
Elkarrizketa
Ugo Mayor
Ikerbasqueko ikertzailea

«Zientziak horrelako momentu larrian eman zezakeena ez da behar bezala bideratu»

EHUtik sustatutako PCR test eredua abian jartzeko urratsa eman du azkenean Lakuako Gobernuak. Ugo Mayor izan da lan honen koordinatzailea. Carlos IIIaren onespena nahikoa zela uste du eta ez du ulertzen atzerapena, «sentsazioa da ez zegoela urgentziarik». Uste du koronabirusari aurre egiteko zientziaren ekarpena ez dela «onartu nahi izan» edo ez dela jakin «behar bezala bideratzen». Kritikan leun, auzolana balioan jartzeaz aritu da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Zientziak horrelako momentu larrian eman zezakeena ez da behar bezala bideratu»

Loading player...
Ugo Mayor (UPV/EHU). (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Ugo Mayor (UPV/EHU). (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Zer dira zehazki PCR testak?

PCR da teknika bat erabiltzen dena anplifikatzeko material genetikoa. Erabiltzen dugu laborategietan proiektu askotan, baina justu test hauek egiteko behar den teknologia ez da sinpleena, QPCR da, hori pixka bat konplexuagoa da. Kanpusean oro har 60 makina baldin badaude PCR arruntak egiteko, QPCRak egiteko 10 bat daude.

Protokolo propio bat osatzea lortu zenuten zuek. Lan zaila izan zen?

Momentu batean ikusi zen arazo larriak zeudela kit komertzialak, erreaktiboak dagoeneko paketean dena prest erabiltzeko datozen horiek, lortzeko eta guk planteatu genuen behar zela erantzun zientifiko bat beste modu batean egin ahal izateko test horiek.

Oinarrizko zientzia egiten dugun ikerlariak elkartuta lortu genuen topatzea konponbide bat aukera ematen duena horrelako kitik gabe gauza bera egiteko. Hori azpimarratuko nuke. Askotan indarra edo garrantzia ematen zaio zientzia aplikatuari, baina larrialdi egoera honetan oinarrizko zientzian gabiltzanok gai izan ginen erantzun bat emateko.

Testen inguruko argazki orokor bat egingo zeniguke?

Orokorrean bi mota daude, batzuk dira serologikoak, odola begiratzen dutenak, eta besteak dira PCRak, lagin bat hartzen dutenak faringean, sudurretik sartuta edo ahotik. Bigarren honek detektatzen du birusa aktibo dagoen edo ez. Oso garrantzitsua da teknika hau jakiteko nor den kutsakorra, pertsona hori isolatu ahal izateko eta bere kontaktuak trazatu ahal izateko. Horretarako da PCRa, jakiteko momentuan nork duen eta nork kutsatu ditzakeen besteak.

Bestetik, serologikoek, odola begiratzen dutenek, esaten digute gure gorputzak ia izan duen kontaktua birusarekin, izan ahal da orain dela bi aste edo bi hilabete. Horrek balio du jakiteko zein hedapen izan duen orain arte, baina momentu honetan pertsona hori kutsakorra den edo ez ez dizu argitzen.

Horregatik, bi metodologiak beharrezkoak dira, baina bakoitza bere momentuan. Momentu honetan, birusa oraindik hortik dabilenean, PCRak erabiltzea oso garrantzitsua da kutsakorra nor den jakin ahal izateko.

Prezio nahiko baxuan egin ahal den test modua topatu duzue... 

Erreaktiboen kostua du soilik eta PCRak egiteko lagin bakoitzerako behar den erreaktiboa ez da horren garestia, 10.000 pertsonei egin behar badiezu bada dirua, noski, baina erreaktiboen kostua besterik ez da.

Protokolo unibertsala osatu duzue eta edonoren eskura jarri.

Larrialdi egoera honetan ikusten genuen ez zuela zentzurik informazio hori ahal bezain azkar ez ateratzeak eta garatu eta berehala publiko egin genuen. Zuk ahal duzu dispositibo bat sortu eta zuk patentatu, baina kasu honetan protokolo bat da eta gure ustez ez du zentzurik informazio hori ez zabaltzeak, guk behintzat horrela ulertu genuen eta berehala jarri genuen gure webgunean hizkuntza ezberdinetan mundu guztiak erabili ahal zezan.

Zuek esana da egunean 10.000 test egiteko aukera dagoela Euskal Herrian laborategi guztiak testak egiten jarriko balira.

Aspalditik jakina den kontua da hori, aspalditik edo... Euskal Herriko sare teknologikoa prest egon da martxoaren erdi aldetik PCR guzti horiek egiteko, eskaintza hori egin du martxoaren erdi aldetik.

Zuen kasuan, Carlos IIIk apirilaren 15ean eman zion balioztapena zuen lanari. Pasa den astean sinatu dute hitzarmena Lakuak eta EHUk. Zergatik bi astera? Carlos III.aren balioztapena ez zen nahikoa?

Gure ustez bai, baina sentsazioa izan dugu inolako urgentziarik ez zegoela hau martxan jartzeko, hori da esan dezakedana.

Edonork daki ordea egoera zinez urgentea zela ezta?

Guk horrela planteatu genuen hasieratik, momentuan ikusi genuen beharra zegoela denon elkarlanerako eta bakoitzak bere lekutik ahal zuena egiteko, atsedenik gabe jarri ginean lanean, astean zazpi egunez, goizean goizetik gauean oso berandu arte eta horregatik lortu ahal izan genuen emaitza; horrenbeste ikerlari koordinatuta, oso lan giro politean gainera, benetako auzolana izan da, eta lortu genuen hamar egunean garatzea atsedenik gabe lan eginda. Gero denborak mantsoago joan dira, baina hori ia gure eskuetatik kanpo zegoen.

Zergatik ez diote beraz hainbesteko garrantzirik eman?

Guk ez dugu ulertu. Esan behar dut guri argi eta garbi esan zigutela sistema gai zela PCR gehiago egiteko, baina ez zutela beharrezkoa ikusten momentu horretan. Gu lanean hasi ginenean egunean 500 PCR egiten ziren, aurkeztu genuenerako 1.500 inguru ziren, eta bat-batean gurea aurkeztu eta gero egunean 4.500 PCR egiten hasi ziren.

Momentu horretan esaten zigutenaren arabera, osasun sistemak potentziala izan du PCR gehiago egiteko baina lehentasuna izan da test serologikoak egitea. Hau ez dugu ulertu, ez dugu ulertzen, oro har komunitate zientifikoak garbi du PCR gehiago egin behar zirela eta egin behar direla. Gaur egun gehiago egiten ari dira. 

Azkenean iritsi zen hitzarmena joan den asteazkenean. Nola baloratzen duzu?

Ba oso ondo. Espainiako Ministerioak proposatu duen ikerketan integratzeko aukera emango zaigu, guretzat oso inportateena da ikerketa hori ondo egitea, eta horretarako behar dira test serologikoak eta baita PCRak ere. Espainiatik zetorren planak soilik serologikoak egitea aurreikusten zuen eta guri eskaini zaigu PCRak egitea. Hori funtsezkoa da, jakiteko zer prebalentzia duen birus aktiboak une honetan, ia populazioaren %1, %5 edo %2k daraman birusa.

Guk hor lan egitea oso aproposa da, gure teknologiarekin hori arazorik gabe ikusi ahalko dugu eta hemendik aurrera hartzen diren erabakiak egitateetan oinarrituko dira, birusaren egiazko hedapenean oinarrituko dira.

Zeini uste duzu PCR hauek egin behar zaizkiela une honetan? 

Argi dago lehen lerroan dauden oinarrizko zerbitzuetako langileek jakin behar dutela kontaktuan egon badira kasu positiboekin ia eurek ere positiboak diren, ez baldin badakite birusa zabalduko dutelako. Jende askorekin kontaktuan dauden oinarrizko zerbitzu horietan ez bada identifikatzen asintomatikoak diren pertsonak birusa zabaldu egingo da. Beraz, lehen lerroan daudenak lehenbizi. Osasun langileak, ertzainak, udaltzainak... izan zitezkeen ere dendariak, irekita egon baitira denbora honetan guztian. Arrantzaleena ere zabaldu zen eta zentzuzkoa da kasu horretan ere. Estrategia orokor bat behar da, baina hori agian epidemiologoek diseinatu beharko dute.

Laborategiak buru belarri dabiltza testak egiten? Zuen proposamena laborategi guztietara iritsi da?

Protokolo ezberdinak daude, gurea momentu oso zehatz batean planteatu zen. Osakidetzatik jaso genuen mezua, kitak ez zitzaizkiela iristen. Beharrezkoa zen orduan horrelako planteamendu bat egitea. Orain badirudi erraztu dela hori, gutxienez gaur egun egiten diren testak egin ahal izateko. Badakigu badaudela beste kit batzuk eta modu batzuk beste ikerketa zentro batzuen eskutik, badakigu hauek martxoaren erdi aldetik prest zeudela hau egiteko. Orain ari da martxan jartzen gauza, inoiz ez da berandu, ondo dago bakoitzak dituen ezagutzak erabiltzea herri honen zerbitzurako.

Zuen test protokolo hau blokeatuta izan da egun askotan zehar. Zer erakusten du honek EHUri dagokionean?

Ez nuke zentratuko unibertsitatean... horrek agian eman dio gehigarri bat, baina txikia. Orokorrean ikerkuntza edo zientziari horrelako momentu batean duen balioa ez zaio onartu nahi izan edo ez daude tresnak momentu horretan hori behar bezala bideratzeko.

Egia da, hala ere, hasieratik esan dugun moduan, hau guztia elkarlanean egin dela Osakidetzarekin eta integratuta ginela egungo kontingentzia planetan. Baina hain egoera larrian nire ustez beharko zen hor zegoen balioa erabiltzea.

Hau ikaspen bat izan beharko da etorkizunerako, nola bideratu ditugun baliabideak, hauek erabiltzeko bideak jarriz, baina ez handik hilabetetara, behar den momentuan baizik, dena hobeto integratzeko eta beharrezkoa bada test gehiago egitea, tresnak jartzeko badauden baliabideak erabili ahal izateko.

Esan duzu zientziari ez zaiola behar besteko balioa eman. Uste duzu hau atzetik datorren kontua dela?

Egoera paradoxikoa da. Alde batetik ematen zaio balioa, baina ez da lortu bideratzea zegoen urgentzia kontuan hartuta.

Zientzia zentroak, adibidez, gobernuaren sail ezberdinen baitan daude, batzuk Osasun sailaren menpeko, besteak Ekonomiarenak, Hezkuntzarenak... Beharko genuke hori guztia hobeto integratu eta elkarlanerako bide gehiago izan. Batzuetan badirudi zutabe horietako bakoitza bere aldetik doala, horrelako egoera batean nahiz eta tradizio ezberdina izan medikuek eta guk, edo industriako zientzialariek eta guk, oso garrantzitsua litzateke horien guztien arteko elkarlanerako moduak garatzea. Hor daude denak, baina ikusi da erantzuna momentu honetan ez dela iritsi behar zen mailara.