naiz

«Kapitalismoaren pandemiaren» ondorioei buruzko formazio ziklo bat eskainiko du Askapenak

Koronabirusak herrialde ezberdinetan izango dituen albo-kalteei buruz hausnartuko dute formakuntza zikloan, eta kalte horiei internazionalismotik nola erantzun pentsatuko dute.

Askapenak larunbatean eskainiko duen saioaren kartela. (ASKAPENA)
Askapenak larunbatean eskainiko duen saioaren kartela. (ASKAPENA)

Askapena erakunde internazionalistak formakuntza ziklo bat eskainiko du, «kapitalismoaren pandemia» deritzenak ekar ditzakeen ondorioen inguruan hausnartu eta ondorio hauei nola erantzun pentsatzeko. Larunbatero bideo bat argitaratuko dute Askapenaren Youtubeko kanalean, eta datorren larunbatean, maiatzaren 9an, eskainiko dute lehenengo saioa. Euskarazko itzulpena jaso nahi duenak, ZOOM aplikazioaren bitartez lortu dezake, esteka honetan.

Herrialde desberdinetan koronabirusak zer eragin utzi dituen eta utziko dituen aztertzeko, hausnarketa internazionalistak izango dituzte hizpide larunbatero. Besteak beste, Italia, Venezuela edo Palestinako esperientziak kontatuko dituzte tokiko internazionalistek. Lehenengo saiorako, Italiako Napoli Zero81 elkarteko bi kide gonbidatu dituzte. 18.00tan egingo dute formakuntza saioa.

«Kapitalismoaren pandemiak atxilo gauzka, eta krisi honek utziko dizkigun ondorio zehatzak argi izan gabe, hasiak gara albo-kalteak geure azaletan bizitzen, munduko herrialde guztietan. Ez da pandemia berria munduan, sistemaren birusak aspaldi baitzituen kutsatuta gure bizitzak. Baina, ez da zalantzarik egoera are gogorragoa izango dela, Covid-19a aitzakiatzat hartuta, herri langileon bizitzak pobretzen eta kontrola areagotzen ari baita», adierazi du erakunde internazionalistak prentsara igorritako ohar batean.

Formakuntza zikloan, beraz, ondorengo galderen inguruan hausnartuko dute: Zer suposa dezake pandemiak mundu mailako botere-berrantolaketan? Pandemia baliatuta eliteetatik ezartzen saia daitezkeen neurriei zein erantzun emango diegu herri mugimenduok? Zein hausnarketa egin internazionalismotik?

«Ezinbestean aurre egin behar diogu kapitalaren azken eraso honi, eta borroka eta antolakuntzak berebiziko garrantzia izango du datorren garai honetan. Ofentsibarako eta eraikuntzarako garaia da, eta borroka internazionalista izan behar da herrion garaipenaren bermea. Munduko herri langileon batasunak eta elkarrekiko elkartasunak soilik lortuko baitu herriok salbatzea», agertu du Askapenak.