Iker BIZKARGUENAGA

Eskolara joan ezinik ikasi duguna

Egun batetik bestera gertatu zen; koronabirusa gure herrian zabaldu zen eta gure herrietako eskolak itxi zituzten. Guraso garenok badakigu birusek oso harrera amultsua izan ohi dutela haurrez betetako gela bero horietan, erraz sartzen direla eta joatea kostatzen zaiela. Beraz, erabaki logikoa izan zen, ezinbestekoa.

Ordutik, umeek eta nerabeek oporrak ez diren opor moduko egunak igaro dituzte, etxeko lanak hala moduz egiten, gero eta gogo gutxiagorekin, gero eta galbana handiagoarekin. Eskolatik kanpo egonda ere ikasteko garaian daudela esan diegu, konbentzitzeko edo. Tira, gezurrik ez diegu esan, eskolatik kanpo gauza asko ikas daitezkeelako, eta, egia esan, kasu honetan eskolara ezin joateak gauza batzuk irakatsi dizkigu. Agian lehen ere bagenekizkien, baina egoera berezi honek ageri-agerian utzi ditu. Adibidez, irakaskuntza eskubide unibertsala den arren, ikasleak unibertso desberdinetan bizi direla ikasi dugu, eta eskubide hori gauzatzea tokatu zaizun unibertsoaren araberakoa dela. Etxe guztietan ordenagailurik ez dagoela ikasi dugu, edo inprimagailurik, edo wifirik. Nork egin ditzake e-mailez jasotako lanak horiek gabe? Eta ikasi dugu ez dela gauza bera kalera begirako eta argiz betetako gela zabal batean matematika liburuarekin solasean aritzea edo berrogeita hamar metro karratuko etxean, anai-arrebak inguruan dituzula, matematika liburuarekin borrokan ibiltzea. Ez da berdina.

Deseskalatzerako prestatzen ari gara, baina beldur naiz klaserako buelta bide malkartsuegia izango ez ote den ikasle askorentzat. Hori ekiditea gure esku dagoela noiz ikasiko dugu?