NAIZ

Herritarrekin bilerarik ez egiteko erabakia berraztertzeko eskatu dio alkateari Zaldibar Argituk

Zaldibarko alkateak plataformarekin eta herritarrekin biltzeko proposamenei uko egin die, arrazoi juridikoak argudiatuz. Zaldibar Argituk, aldiz, nabarmendu du EAE zein Estatuko hainbat legek aukera ematen dutela halako bilerak egiteko eta, hortaz, erabakia berraztertu dezala eskatu diote. 

Atzo Alberto Soraluze eta Joaquín Beltráni egindako omenaldia Zaldibarren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Atzo Alberto Soraluze eta Joaquín Beltráni egindako omenaldia Zaldibarren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Jose Luis Maiztegik, Zaldibarko alkateak, herritarrekin bilera egiteari uko egin izana salatu du Zaldibar Argituk. Herri plataformak azaldu duenez, alkateak uko egin dio Eitzagako zabortegiari buruzko informazioa emateari, arrazoi juridikoak argudiatuz.

«Eskatzaileek ez dute bilera horiek egiteko inolako eskubiderik, eta bilera horien izate edo arautze hutsa ez dago jasota legerian», esaten da jakinarazpenaren 5. paragrafoan.

Zaldibar Argituk, aldiz, horrelako bilerak egiteko aukera ematen duten EAEko eta Estatuko hainbat lege aipatu ditu. «Eskatzaileok ez genuen Konstituzioaren ezein artikuloren babesik aipatu, konstituzioek, berez, ez dutelako zertan bat etorri demokraziaren oinarriekin», erantzun du Zaldibar Argituk.

Gainera, alkatearen mezuarekin kontraesanean dauden EAEko Toki Erakundeei buruzko hainbat lege azaltzen dira agirian. «Apirilaren 7ko, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak nonahi aipatzen du herritarren partaidetza, zehatz esateko 45 aldiz», adierazi dute. «Eta lege hori ez balego ere, ez litzateke legez kanpokoa edo legez kontrakoa bilera hori egitea», gaineratu dute.

Beraz, Zaldibar Argituko kideek alkateari eskatzen diote «berraztertu dezala 2020ko 104. zenbakiko Dekretuan jasotakoa eta dei dezala bilera informatibo zabala Zaldibarko herrigunean Eitzagako zabortegiari buruzko informazioa emateko eta zaldibartarron kezka, informazio eta iritziak jasotzeko.